LAB
«Lan harremanetan are botere handiagoa ematen dio patronalari»LABi «ezin okerragoa» iruditu zaio Espainiako Gobernuak dekretuz onartu duen lan erreforma. «Lan harremanetan are botere handiagoa ematen dio patronalari, eta langileak eta sindikatuen mugimendua ahuldu egiten ditu». Sindikatuaren iritziz, negoziazio kolektiboaren aurkako «eraso larria» da.
JOSU ERKOREKA
EAJk Kongresuan duen bozeramailea«Negoziazio kolektiboa zentralizatzen duela, hori da lan erreformak duen txarrena»
Lan erreformak negoziazio kolektiboa «zentralizatzen» duela, hori da Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak lan erreformari ikusten dion alderik txarrena. Horregatik, negoziazio kolektiborako euskal esparrua eskatu du, konkurrentzia kasuetan lehentasuna EAEko lan itunei emateko.
AMAIUR
«Azken 50 urteotan eskuratutako lorpen sozialak murriztuko ditu»Amaiurren iritziz, «erreformak azken 50 urteetan eskuratutako garaipen eta lorpen sozialak murriztuko ditu» eta erabat desegituratuko du lan merkatua. Prentsa ohar baten bidez adierazi du erreforma berriak patronalaren gehiegikerien aurrean «babesik gabe» uzten dituela langileak eta agerian geratu dela «alderdi popularra sektore pribatuarekin duen erabateko morrontza».
JAURLARITZAKO LAN SAILA
«Langileen eskubideak murriztea ez da lanpostuak sortzeko bidea»Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ere gogor kritikatu du Madrilen onartutako lan erreforma, «langileen eskubideak murriztea ez baita lanpostuak sortzeko bidea». Nabarmendu du aurrerantzean kaleratze guztiak izango direla objektiboak. «Krisia hasi zenetik, zein enpresak ez ditu izan salmentetan jaitsierak hiru hiruhilekoz jarraian?», galdetu du.
JOSE ASTUDILLO
PSEko batzorde eragileko ekonomia idazkaria«Lan erreformak erabat ukituta utziko du ongizate estatua»
Jose Astudillo PSE-EEko batzorde eragileko ekonomia, industria eta enplegu idazkariaren esanetan, «lan erreformak erabat ukituta utziko du ongizate estatua». Alderdi popularrarena enpresaburuen interesak baino defendatzen ez dituen erreforma «antisozial» bat dela adierazi du eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak ez duela aintzat hartu sindikatuek lan erreforma hitzartzeko egin duten ahalegina.
MIKEL ARANA
Ezker Anitzeko koordinatzaile nagusia«Lan erreforma CEOEk prestatu eta gobernuak sinatu du, komarik ere aldatu gabe»
Mikel Arana Ezker Anitzeko koordinatzaile nagusiaren arabera, «lan erreforma CEOE patronalak prestatu du, eta Espainiako Gobernuak sinatu, komarik ere aldatu gabe». Aranaren ustetan, ez du batere aldatuko lan merkatuko panorama. «Iraulitako inbutuaren antza izaten jarraituko du, sarbide estu eta irteera zabalarekin».