ekoNOMIA

Kaleratze merkeagoari bidea egin dio Espainiako Gobernuaren lan erreformak

Enpresek hemendik aurrera nahikoa izango dute galera ekonomikoak erakustea langileen kaleratze objetiboetarako, eta beraz kalte-ordain txikiagoak emateko.

2010eko ekainaren 16a
17:55
Entzun
Kaleratze merkeagoak izango dira hemendik aurrera enpresarientzat, eta malgutasun handiagoa izango dute, gainera. Bi formularen bidez merkatuko dute kaleratzea: batetik, lana sustatzeko kontratua orokortu egingo dute -lan egindako urte bakoitzeko 33 egun kalte-ordain emango ditu, orain batzuetan 45 egun den lekuan-, eta bestetik, kalte-ordain horien zortzi egun soldatak bermatzeko funtsetik aterako dira (Fogasa).

Horrez gainera, enpresek diru galerak erakustea nahikoa izango da, besteak beste, langileen kaleratze objetiboetarako -20 eguneko kalte-ordaina da kasu horietan-, eta ez du epe zehatzik beharko horretarako. Enpresek edozein kasutan 20 egun soilik ordaintzeari bide egin diezaikeela-eta ezeztatu egin du hori Espainiako Gobernuak: "Kasu guztietan erakutsi beharko dituzte galerak".

Kaleratzearen zergati objetiboak, berriz, “epaileak jarriko ditu”, eta beraz, ”langileak babesa” izango du. Hori nabarmendu nahi izan du behintzat Espainiako Lan ministro Celestino Corbachok. Lan erreformaren dekretua Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu berritan eman ditu azalpenak.

Kaleratzeari buruzko erabakiak, gainera, ez du espero alderdi politikoek egin ditzaketeen ekarpenek aldatuko dituztenik. Kongresuko alderdi politiko guztiak behin betiko testuaren zain egon dira, beren jarrera zehazteko. Izan ere, exekutiboak lan erreformaren zirriborro bat eman zien, baina orain ikusi beharko da alderdiek zer dioten. Legebiltzarrean datorren asteartean eztabaidatuko dute.

Kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua «ahal bezainbeste zabaltzea» izan da orain gobernuaren helburua, Corbachoren arabera. Kaleratze ordain txikiagoa duen kontratua da: 33 laneguneko kalte-ordaina du (asko jota, 24 hilabeteko soldata). Ohiko kontratu mugagabeak 45 laneguneko ordaina du, eta 42 hilabeteko soldata, gehienez ere. Kaleratzea bidegabea dela onartuz gero jasotzen diren ordainak dira edozein modutan.

Enpresaburuek kontratu hori erabiltzeko duten erresistentzia gainditzeko asmoz, sortzen diren kalte-ordainen parte bat ordaintzetik libratuko ditu Lan Ministerioak. Hain zuzen ere, urte bakoitzeko zortzi lanegun izango dira, eta dirua soldatak bermatzeko funtsetik (Fogasa) aterako da. Funts hori enpresaburuek ordaintzen dituzten kotizazioen diruarekin elikatzen da.

Oraingoz, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ez du babesik lortu datorren astearteko bozketarako: PPk esan du "deseroso" dagoela proposamenarekin baina lan erreformaren eskaera aintzat hartuko duela; CiUk asteartean zehaztuko du bere jarrera, baina gaur egungo testua ez zaio onargarria iruditzen; EAJ testu zehatzaren zain dago, baina ez du ezer baztertu; eta ERCk Gobernuari esan dio alde bozkatuko duela bere eskaerak aintzat hartzen baditu.

PSOEk ez du gehiengo osoa Kongresuan.

Kaleratze merkeagoa

Gaur egun kaleratze bat objektiboa izateko bete behar dituen baldintzak gehiago zehazten ditu moldaketak. Orain arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak argudiatzen ditu enpresak. Auzitegiek arrazoia emanez gero, hogei lan eguneko kalte-ordaina eskuratuko du kalera doan beharginak, eta, asko jota, hamabi hilabeteko soldata izango da. Galerak edukitzea arrazoi horietako bat izateko urratsa egingo du lan merkatuaren erreformak.

Kaleratzeko arrazoiak zabaltzea patronalaren aldarria izan da gizarte elkarrizketa hasi zenetik. Praktikan, auzitegiek kasu gehienetan -hamarretik zortzi, CEOEren arabera - kaleratzea bidegabetzat jotzen dutela argudiatu du, eta horrek kostua handitzen du. Kontratu mugagabea duten langileentzat, izaeraren arabera, 33 edo 45 laneguneko ordaina du kaleratze bidegabe batek. Negoziazioetan aritu diren sindikatuek -UGTk eta CCOOk- hori aldatzea errefusatu dute.

Enpresak frogatu egin beharko ditu galera horiek behin-behinekoak baino gehiago direla. Galeren iraupenak zenbatekoa izan behar duen ez dago zehaztuta, oraingoz.

Enpresei ahalmen handiagoa

Ez da lan baldintzen esparruan enpresei irekiko dieten ate bakarra. Izan ere, negoziazio kolektiboan hitzartutako edukiak aldaratzeko alde bakarreko erabakiak hartzeko modua emango die lan erreformak. Soldatak, hitzartutako igoerak edo lanaldia berrikustea posible izango du, arrazoi ekonomikoak argudiatuta.

Enpresek bazuten eskumen hori, baina tramiteak nabarmen gutxituko dira, eta, langileak ados ez badaude, azken erabakia gatazka kolektiboen arbitratzeak izango du. Hots, enpresatik kanpoko bitartekari batek bete beharreko laudo batekin epaituko du. Ebazpenaren kontra egonez gero, langileek edo enpresaburuak gizarte arloko auzitegira jotzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.