Aurretik esandakoa berretsi du TRWko zuzendaritzak gaur Nafarroako Parlamenduan egindako agerraldian. Alegia, konpainiak Iruñean duen planta ixtea ekiditeko hartu dutela langileak kaleratzeko erabakia. "Erabaki gogorra da, baina ez dugu beste aukerarik", nabarmendu du ZF-TRWk Landabenen duen ordezkariak, Paul Henry Parnhamek. Haren esanetan, bada bide bat kaleratzeak murrizteko: "Volkswagenen negozioa lortzen badugu, lanpostuen galera 250tik 183ra jaitsiko litzateke; ez 67ra".
Galerak egin ditu Parnhamek kaleratzeeen erantzule. "Azken 3 urteotan Iruñean 43,7 milioi euro galdu dira; eta azken 5 urteotan 63 milioi euro baino gehiago. Ezin dugu horrela jarraitu".
Parnhamen azalpenak, ordea, ez dira nahikoak izan kritikak isilarazteko. Parnhamen hitzei sinesgarritasuna kendu eta lantegia "bi pausotan" itxi nahi izatea egotzi dio zuzendaritzari EH Bilduko Adolfo Araizek. "Ez dugu ezer sinesten. 2013an langileekin hitzarmen 1 sinatu arren, egoera usteltzen utzi duzue pixkanaka. 50 langile bota nahi dituzue orain, eta gero gainerako guztiak".
Bide beretik, enpresa ez izteko konpromisoa eskatu dio PSNko Miguel Garmendia: "Ziurta dezakezu hemendik hiru urtera lantegiak zabalik jarraituko duela?".
Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak, bere aldetik, langileekin hitz egin nahi ez izatea egotzi dio TRWko zuzendaritzari. Eta urrats bat harago joan da Ahal Dugu-ko Carlos Couso: "Agian garai batean bota behar zen jendea; beharbada zuk zeuk ere ez zenuke hemen egon behar".