Standard & Poorsek apirilean eta Ficthek urrian egin bezala, Moody's agentziak ere kalifikazioa maila bat jaitsi dio Eusko Jaurlaritzaren zorrari. Lakua ez da, alabaina, kalifikazio jaitsiera izan duen euskal erakunde bakarra. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien epe luzerako zorra ere AAA negatibotik AA1 mailara beheratu du. Erakunde horien zorraren bilakaerari begira, gainera, aurreikuspen negatiboa eman dio notari.
Jaitsierari larritasuna kendu nahi izan dio Jaurlaritzak, hiru erakundeen zorraren kalifikazioa «10etik 9,5era» jaitsi dela nabarmenduta. Standard & Poors eta Fitch agentzien AA+ mailaren parekoa da Moody'sen AA1 nota. Beherapenerako Gasteizko gobernuaren «aurrekontuaren hondatzea» eta Euskal Autonomia Erkidegoak «izan ohi duen zorpetze txikiaren hazkunde azkarra» kontuan izan dituzte analistek. Datorren urtean, zorra aurrekontuaren %60 izango dela espero dute, eta defizita, berriz, mila milioi eurokoa.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak, alabaina, EAEko zorraren kalifikazioa «Espainiako autonomia erkidegoetako onena eta Europako lurraldeetako onenetarikoa» dela erantzun dute, soilik Parisek eta Bavariak (Alemania) dutelako nota hobea. Azken bi urteetan zorra handitu dela aitortu arren, 2011rako aurrekontuen proiektuak zor publikoaren jaulkipena %50 murriztea aurreikusten duela gogorarazi dute. Ondorioz, defizita «2009. urtekoa baino eramangarriagoa» izango dela diote.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, urte amaieran %18ko defizita eta %50eko zorra izango duela dio Moody'sek eta, datorren urtean sarrerak handituko direla onartu arren, zorra %5 eta %10 bitartean handituko dela uste du.
Bizkaiko Aldundiaren inguruan datu hobeak eskaini arren, %9ko defizitarekin, Jose Luis Bilbaoren gobernuak martxan jarritako proiektuek zorra %18ra igoko dutela nabarmendu du agentziak. Erakunde bakoitzaren azterketaren gainetik, beherapena Espainiak izango duen «balizko» kalifikazio jaitsieraren eta «susperraldi motelaren» ondorioa da Moody'sentzat. Bestela ere, Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien zorpetzeko beharrei «onargarri» deritze.
Moody'sek ez du Arabako zorra aztertzen; bai, ordea, Bizkaiko Garraio Partzuergoarena: AAAtik AA1 mailara jaitsi du hori ere.
Zorraren hazkundea
Moody'sek zorraren kalitatea aztertu duen egunean, Espainiako Bankuak erkidegoen zorraren zenbatekoaren berri eman du. Uztailetik irailera bitarte, EAEko zorra 4.105 milioi eurokoa izan da, iazko epe berean baino %143 handiagoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinarekiko, zorra %6,2koa da dagoeneko. Nafarroako zorra, berriz, 1.544 milioi eurokoa izan da aurtengo hirugarren hiruhilekoan, duela urtebetekoa baino %43 handiagoa. Foru Erkidegoko BPGaren %8,4 izatera heldu da, beraz, zor publikoa.
Kalifikazioa jaitsi die Moody'sek Jaurlaritzari, Bizkaiari eta Gipuzkoari
EAEko eta Nafarroako zor publikoak %143 eta %44 igo dira iaztik, Espainiako Bankuak jakinarazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu