Kalkuluetarako, errazago

Iker Aranburu.
2009ko urriaren 22a
00:00
Entzun
AEBetako diruaren makalaldiak beste urrats bat egin zuen atzo, lehen aldiz azken 14 hilabeteotan euroak 1,50 dolarren muga gainditu baitzuen. Geroago berriro egin zuen behera, eta Europako Banku Zentralak 1,4921eko truke tasa ofiziala ezarri zuen. Alde txar ugari ditu dolarraren merkatzeak, besteak beste, petrolioaren prezioa igoarazten ari dela, herrialde esportatzaileek etekinari eutsi nahi diotelako. Atzo berriro ere 80 dolarretik gora saldu zen West Texas upela, eta kopuru horretara hurbildu zen Brenta. Alde onen artean, AEBetara oporretan joateko aukera ez dutenentzat behintzat, bi diruen arteko operazioak errazago kalkulatu ahal izatea. Kontsolamendu eskasa, inon halakorik bada. Dolarraren ahultzeak ez zion kalterik egin Wall Streeti, eta Wells Fargo eta Morgan Stanley bankuen emaitza onak bultzatuta igotzeari ekin zionean, berdin egitea erabaki zuten Europako burtsa dudatiek. Iberdrolak %0,24 egin zuen gora, irabaziak %18 gutxitu dituen arren.



Galleon Group taldea hedge funtsak ixten ari dela onartu du haren buruak, Raj Rajaratnamek. Bezeroek dagoeneko dirutza atera dutenez, inbertsioak uztea erabaki dute. Ostiralean atxilotu zuten Rajaratnam, informazio pribilegiatua baliatzeaz akusatuta.



Ferrovial (-%2,34) eta haren filial Cintra (-%2,35) izan dira balio txarrenak Ibex-35ean. Biak bat egiteko prozesuan ari direla, Ferrovialek erabaki du Londresko Gatwick aireportua saltzea, 1.660milioi euroren truke. Analistek ia 2.000 milioi espero zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.