Zergak igo nahi dituela argi esan du Espainiako Gobernuak. Orain zehaztu beharko du nola egituratuko den igoera hori, eta, garrantzitsuena, nork ordainduko duen. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak ziurtatu du lan errentei nahiz enpresen etekinei ezarritako zergen tasak ez direla haziko. Aldiz, kapitaletik eta gainbalioetatik lortutakoak estuago hartzeko borondatea du.
Zergak igotzeko asmoa bolo-bolo ibili da azken asteotan, baina gobernuko kidearen arabera, erantzuna ezberdina izan da. Jose Blanco Sustapen ministroak aurreratu zuen, orain dela bi aste, gobernua zerga erreforma bat prestatzen ari zela, eta lan errenta «handiak» zituztenentzat izango zirela esan zuen. Joan den asteazkenean, berriz, zerga «guztiak» aztertzen ari direla onartu zuen Elena Salgado Ekonomia ministroak.
Azkenean, edozein igoera «mugatua» eta «aldi baterakoa» izango dela iragarri zuen Zapaterok iragan ostiraleko Ministro Kontseiluaren ondotik. Xehetasun handirik ez zuen eman, PSOEko gobernuak berak Errenta Zergarako martxan jarri zuen 400 euroko kenkaria aldatzeko edo ezabatzeko aukera mahai gainean utzi zuen.
Atzo, Suediatik, balizko erreforma bati buruzko azalpen gehiago eman zituen Espainiako presidenteak, eta igoera kapital errentei eta gainbalioei ezartzeko asmoa dutela iragarri zuen. Kapital errenta horiek finantza produktuen bidez lortutako etekinak dira, esaterako, inbertsio funtsetatik edo aurrezkietatik lortzen direnak. Halaber, akzioen edo etxebizitzen salmentatik lortzen diren gainbalioak ditu jomuga gobernuak.
Gaur egun, kapital errentek eta gainbalioek duten tasa %18 da; lan errentek duten gutxieneko tasa, aldiz, %23 da. Bost puntuko alde hori maiz kritikatu izan dute ELA edo LAB sindikatu abertzaleek.
400 euroko kenkariari dagokionez, 2008ko hauteskunde kanpainan PSOEk eginiko iragarpena izan zen, eta Espainiako zergapeko orori ezarri zaio harrezkero. Hego Euskal Herrian ere neurria martxan jartzea erabaki zuten hala Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek nola Nafarroako Gobernuak.
Edonola ere, erreforma fiskalaren zehaztasunak Aurrekontu Legea aurkezterakoan jakinaraziko ditu Espainiako Gobernuak.
Zerga sisteman edozein aldaketa egin baino lehen, erkidegoetako presidenteekin bilera bat egiteko eskatu zuen atzo Miguel Sanz Nafarroako presidenteak. Bilera horretan eskumen fiskalak dituztenek euren jarrera azaldu ahal izatea nahi du Sanzek.
Kapital errentei zergak igo nahi dizkie Zapaterok
Sozietate eta Errenta Zergak ez dira igoko, baina 400 euroko kenkaria «aldatzeko» prest dago gobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu