Zorraren krisia. Europaren erantzuna

Kapital eskaera berriak diru publikorik gabe gaindituko dituzte banku ia guztiek

Finantza erakunde nagusiak nazionalizatu beharko ditu Greziak, eta Portugalen ere laguntza eskatuko dute

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Europako banku nagusiak kapitalizatzeko 106.244 milioi euro beharko dira. Behin-behineko kalkulu hori jakinarazi du Europako Banku Agintaritzak (EBA), eta EBko gobernuburuek ostegun goizaldean hitzartutako akordioari jarraitzen dio. Beste erakunde batzuek iragarri zutena —NDFk 200.000 milioi aipatu zituen— baino txikiagoa da, eta banku handi ia guztiek eskaera berria betetzeko diru publikorik ez dutela beharko ziurtatu dute dagoeneko.

Kontinenteko finantza sistemak Greziaren porrot bati aurre egiteko indar nahikoa izango ote zuen hipotesiarekin hasi ziren zalantzak. Hasieran kezka teorikoa zena benetako ezinegon praktiko bihurtu da udatik aurrera, eta banku gehienen balioak franko egin du behera burtsan. Azkenean, Greziako mamuak herrialde periferikoen zor guztia kutsatu du, eta kapital betebeharrak gogortzera eraman du Europa.

Edozein arazori aurre egiteko diru nahikoa dutela sinetsarazteko, oinarrizko kapital ratioa %9ra igo beharko dute Europa osoko 70 bankuk 2012ko ekainerako. Uztaileko probetan %5 izan zen eskaera. Oraingo honetan, garrantzi sistemikoa ez duten erakundeak kanpoan utzi dituzte. Hori dela eta, Kutxabankeko partaideek eta Banca Civicak ez dituzte baliabideak handitu behar izango.

Espainia, galtzaile

Kapital beharra kalkulatzeko erabili den sistemak mesfidantza sortu du. Zor subiranoak finantza erakundeen kontuetan zuen balioa merkatu prezioen arabera finkatzea erabaki du EBAk. Greziaren zorra ez ezik, bestelako herrialdeenak ere —Espainia edo Italiarena, kasu— balioa galdu duen hipotesia erabili du. Ez du jakinarazi nolako sistema erabili den, baina banan-banan egin dela azaldu du, bonuen epeak eta arrisku hobaria aintzat hartuta.

Erabaki horrekin, Espainiako bankuen finantza beharrak handitu egin dira. Izan ere, aztertutako bost erakundeek ez dute ia Greziako zorrik, baina, hala ere, kontuetan duten zorrari 6.290 milioi euroren balio galtzea ezarri zaie. Gutxi balitz bezala, kapital tresna batzuk zenbatu gabe utzi ditu probak —akzio bihurtuko diren bonuak, batez ere—, eta horrek 26.161 milioi eurora igo du kapitalizazio prozesuaren faktura osoa, finantza sistema osoak behar duen diruaren laurden bat.

Europako Batasunak hartu dituen erabakiak salatu ditu Espainiako Bankuen Elkarteak. «Kapital eskaera berriak bidegabe eta gehiegizkoak dira, araudietatik aldentzen dira, eta ziurgabetasuna sortzen dute». Halaber, kaudimena duten herrialdeek jaulki duten zorra zalantzan jartzeak konfiantza eta finantza egonkortasuna ahulduko duela ohartarazi du bankuen patronalak.

Arazoak arazo, diru publikorik behar ez dutela adierazi zuten aztertutako bost erakundeek. Santanderrek du eskaerarik handiena: 14.700 milioi euro. Haatik, EBAk aurrera begira akzio bihurtuko diren bonuak oinarrizko kapital gisa zenbatuko dituela agindu du. Horrek 6.474 milioi eurora murriztuko luke Santanderren helburua. BBVAk 7.087 milioi behar ditu, Banco Popularrek 2.362, Bankiak 1.140 eta Caixabankek 602. Denek adierazi dute euren kasa bilduko dutela dirua, eta ez dutela ezabatuko dibidendua.

Frantzia, eroso

Greziari erositako zor handiagoa duten arren, Frantziako eta Alemaniako erakundeek diru eskaera nahiko txikiak izango dituzte, eta ez dute erreskaterik beharko. Italiaren egoera bestelakoa da, ordea: 15.000 milioi behar ditu. Diruaren erdia Unicreditek jarri beharko du.

Dagoeneko erreskatea jaso duten bi herrialdek gobernuen laguntza beharko dute. Greziari zorraren erdia barkatu ondotik, ziur aski herrialdeko bankuak nazionalizatuko dituztela aitortu du Giorgos Papandreuren gobernuak. Portugalen, berriz, BCP eta BPI bankuak indarrean dagoen laguntza funts publikotik dirua hartzeko prest azaldu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.