R Cable Galiziako kable bidezko telefono konpainia irensteko urratsekin jarraitzen du Euskaltelek. 300 milioiren maileguak hartu ondoren, beste 255 milioi euro lortu ditu kapitala handituta. Euskaltelek arrakastatsu jo du operazioa, eskaini dituen akzioen halako lau eskatu dizkietelako. Inbertsore instituzionalak izan dira guztiak, hau da, enpresak, funtsak eta erakundeak. Haietako bat, Galiziako Abanca bankua, Euskaltelen bigarren akziodunik handiena bilakatuko da, kapitalaren %10 izango baitu; aldi luze baterako behintzat ez irteteko konpromisoa hartu du Abancak.
Beste akziodun nagusia Kutxabank da, akzioen %30ekin.
Akziodunen artean daude Euskalteleko buruzagi gehienak ere. Ika-mika handia sortu zen udan jakin zenean 42,8 milioi euroren gainsariak jasoko zituztelako 25 arduradun nagusien artean. Polemika baretzearren, jasotako diruaren zati bat (14,5 milioi) konpainiaren akzioak erosteko erabiliko zutela agindu zuten. Horrela egin dute Alberto Garcia Erauzkinek eta Fernando Ojedak, baina ez, ordea, Richard Alden lehendakariordeak.
2015eko uztailaren 1ean estreinatu zen Euskaltel burtsan. Lehen akzioak 9,5 eurotan salerosi ziren. Gaur goizean 10,34 eurotan kotizatzen dira.
R Cableren truke 1.190 milioi euro ordaindu ditu Euskaltelek.