Txina

Kapitalismo osorako azken jauzia

Shanghaik merkataritza libreko lehenengo eremua sortu du, finantza sistemaren liberalizazioan eta yuanaren nazioartekotzean esperimentuak egin ahal izateko. Gainontzeko lurraldeetara joateko asmoa dauka gero.

Ikonografia da sozialismotik geratzen den bakarretakoa. ZIGOR ALDAMA
Zigor Aldama.
2014ko otsailaren 9a
09:53
Entzun

Turista gehiegi dabilen arren, Chen Lifan gustura ibiltzen da Bund auzoan barrena. Pu ibaiaren erriberan, molde neoklasikoko bere eraikin kolonialekin, haurtzaroa dakarkio gogora. «1943an jaio nintzen, eta gogoan dut amak hona ekartzen ninduela, harro erakusteko Shanghai desberdina zela Txinako beste edozein lekutatik. Eta nola, nahiz eta gerra eta Txinako Alderdi Komunista iraganeko ondarea zapuzten saiatu ziren, hiriaren multikulturalitateak eta munduarekiko harremanak abantaila handiak zirela eta egunen batean berriro diferentziak markatzeko balioko zutela».

Orain, Chenen amaren hitzak errealitate bihurtu dira Pu ibaiaren beste aldean, Lujiazui finantza barrutiko etxe orratzen oihanean. «1994ra arte han ez zegoen eraikin handirik. Baratzeak edo arroz soroak ziren. Baina Deng Xiaopingek erabaki zuenerako Kultur Iraultzaren (1966-1976) doktrina lurperatzea, shanghaitarrek jakin genuen iritsi zela unea hiriari zegokion distira berreskuratzeko». Bada, lortu du: Shanghai, 24 milioi biztanlerekin, Txina kontinentalean biztanleko errenta handiena duen hiria da (5.000 euro), eta haren gobernua jo eta ke ari da 2020rako munduko erdigune ekonomiko eta finantzarietako bat izan dadin.

Hiriko etxe batean jaio zen Txinako Alderdi Komunista, 1921ean; ia mende bat igaro denean, mailua eta igitaia anakronismo bat dira Txinako hiriburu ekonomikoan. Aurki, are eta gehiago, Txina kapitalismorako azken jauzia egitekotan dagoelako. «Orain, nik ekartzen dut biloba hona, aldaketa handiak datozen susmoa baitaukat», dio Chen enpresaburuak —makina-erremintako lantegi txiki bat ireki zuen aukera izan zuenean—. Shanghaiko merkataritza libreko eremuari buruz ari da, FTZ ingelesezko laburduraz ezaguna. Joan den irailean onartu zuten halako esparru bat eratzea, eta hasi da gorpuzten, neoizko skyline ikusgarritik kilometro batzuetara. «Ziur nago umea Txina desberdin batean biziko dela; negozioak askatasunean egin ahal izango ditu, eta atzerriko enpresekin baldintza berberetan lehiatu ahal izango da».

Eremu txikia, oraingoz

Eremu txikia izango da, 28,78 kilometro koadro baizik ez. Baina ikusmina sortu du Txinako mugetatik kanpo ere. Ez da harritzekoa, aurrekariak zeintzuk diren ikusita. 1979an, Pekinek eremu ekonomiko berezien bidez ireki zizkion ateak atzerriari, eta horiekin egin zituen esperimentuak kapitalismoarekin. Oraingo FTZ ere laboratorio bat izango da Xi Jinping presidentearentzat eta Li Keqiang lehen ministroarentzat, oraingo hazkunde eredua —balio erantsi gutxiko produktuen esportazioan eta atzerriko inbertsioan oinarrituta— alde batera utzi, eta Txina barne kontsumoan eta berrikuntzan oinarritutako superpotentzia bihurtzeko ametsa egia bihurtu ahal izateko. «Gutxiago hazi behar dugu, baina hobeto», Wen Jiabao aurreko lehen ministroak laburtu zuen moduan.

Estrategiaren bide orria azaroko bileran marraztu zuen Txinako Alderdi Komunistaren XVIII. Batzorde Zentralak: ekimen pribatua bultzatu behar da, enpresa publikoak berregituratu, eta orain arte zorrozki kontrolatutako sektore estrategikoak —ura eta argindarra, esaterako— desarautu behar dira. Txina ohartzen da bi zenbakiko hazkunde tasak iraganeko gauza direla, eta etekina atera nahi dio %7ko tasak ohikoagoak izango diren hamarkadari. Iaz, esaterako, barne produktu gordina %7,6 hazi zen, tasarik txikiena 1999az geroztik.

Garai berri horretarako bere ekonomia gehiago liberalizatzeko asmoa daukate Pekingo agintariek. Estrategia horretan eginiko lehen urratsa da Shanghaiko merkataritza libreko eremua. Hemezortzi berrikuntza dakartza han ezarriko den planak. Haien artean daude yuan dirua trukegarria izango dela, interes tasak finkatzeko merkatu tresna berri bat izango dela eta nazioarteko lehiakideei aukera emango zaiela sektore estrategikoetan parte hartzeko (telekomunikazioak, bankuak, aseguruak, osasun zerbitzuak, lege zerbitzuak, aisialdia...).

Gainera, proiektuak amaiera emango dio Txinan bideo jokoak ekoizteko debekuari; ez du, ordea, haien salmenta librea baimenduko, zentsuraturik jarraituko baitute. Artearen merkatuarentzat ere aukera izango dira, Txinako gainontzeko lekuetan muga zerga handiak jasaten baititu.

Zerrenda negatiboa

Asmoak handinahiak diren arren, ondorioak ikusiko dira. «Goiz da jakiteko merkataritza gune libreak zein eragin izango duen atzerriko inbertitzaileen artean edo Txinako ekonomiarentzat, oraindik iragarpen bat baizik ez baita», ziurtatu du Eduardo Eubak, Espainiako Gobernuak Shanghain duen kontseilari ekonomiko eta komertzialak. Berez, arazoa FTZren araudian dago, oso zehazgabea delako. «Hari asko lotu gabe utzi dituzte, egia da. Gobernuak poliki joan nahi du, arriskuak handiak baitira, batez ere finantza sektorearen eta interes tasen liberalizazioari dagokionez», nabarmendu du Chun Chang irakasleak, Shanghaiko Finantza Aurreratuen Institutuko kideak. «Baina espero dugu aurten bertan araudia osatzen hastea eta 2016rako prest egotea».

Oraingoz, Txinak egin du urrats handia: zerrenda negatiboa egitea; hau da, eremu horretan egin ezin dena zehaztu du. Xu Bin Txina-Europa Negozio Eskolako Ekonomia irakaslearen iritziz, «funtsezkoa da hori, lehen aldia baita herri honetan halako zerbait egiten dena. Orain arte, negozioak arbitrariotasun maila handiarekin egiten ziren herrialde honetan, eta sarritan azken zigilua jasotzea politikari ustelen kapritxoen menpe zegoen. Orain dena argiago dago: zerrenda negatiboan agertzen ez den beste guztia onartuta dago».

Debekuak, baina, asko dira. «AEBenak orri batean sartzen dira, Japoniarenak bitan, eta Txinarenak hamar orritan txineraz... eta 22 orritan ingelesez!», azaldu du Xuk, irribarreari eutsi ezinik. Orrialde horietan agertzen dira atzerritarrentzat itxita dauden negozioak, hala nola nekazaritza, botika tradizionalak, meatzeak, prentsa, golf zelaiak, etxegintza, baterien ekoizpena, zentral elektrikoak, trenbideak, aeronautika eta hezkuntza.

Hala ere, Xuk uste du zerrenda hori txikitzen joango dela eta urte batzuk barru hamabost orritan sartuko direla debekatutako sektoreak. Arazoa, haren iritziz, beste bat da: «Sektore batzuk ez daude debekatuta, mugatuta baizik, baina ez dute zehazten nola. Denbora behar da FTZren barne arauak ezagutzeko».

Enpresa batzuk, zain

Zalantza horiek pisu handia dute, eta enpresa askok argitu arte itxarotea erabaki dute FTZn sartu aurretik. «Pertsonalki uste dut akats bat dela», ziurtatu du Xuk. «Lehen mailako gune logistiko bilakatzeko aukera handia du eremuak, eta badirudi enpresa pribatuak baldintza berberetan lehiatu ahal izango direla enpresa publikoekin. Gainera, izena ematea 20.000 yuan baizik ez da (2.400 euro), eta hori huskeria da aukera honen trena igarotzen denerako lehen lerroan egoteak ekarriko duen abantailaren aldean».

Iritzi horretakoa da Luis Galan 2Open aholkularitza taldeko burua ere. Haren enpresak dagoeneko ireki du bulego birtuala FTZn. Dagoeneko 2.000 dira, haietako %60tik gora Txinakoak bertakoak. «Lehenengoetarikoak izan ginenez, 1.200 euro ordaindu genituen, baina jada halako hiru pagatzen ari dira batzuk». Berdin gertatu da egoitza fisikoekin, haien prezioak burbuila baten modura puztu direlako. Lehen abantailak hasi da nabaritzen Galan: «Diru trukerako, esaterako. Gaur egun, atzerriko bezeroei kobratu ahal izateko, kontratua Dibisa Trukerako Estatuko Administrazioan erregistratu behar dugu, eta gero atzerriko dirua bertakoarengatik trukatu. Merkataritza libreko eremuan atzerriko diruko kontu bat ireki dugu, eta horrekin funtzionatzen dugu. Hasiera batean badirudi hor yuan ez den diruan kobratu ahal izango dugula, burokrazia gutxiagorekin».

Zerga kenkariak ere FTZren erakargarritasunaren parte bat dira. «Asia-Ozeano Barea eremuko merkataritza gune nagusietako bat bihur daiteke horri esker. Salgaiak han bertan eraldatu ahal izango ditugu, eta berriro esportatu, Txinan sartzeagatik muga zergak edo BEZa pagatu gabe. Horrek aukera ematen digu herrialde askotarako biltegia han izateko. Inbertsio ikaragarriak egin dira ildo horretan, Yangshango portuan esaterako. Ez dago zalantzarik, Txinako Gobernuak oso serio hartu du Shanghai mundu mailako negozioen hiriburuetako bat bihurtzeko ahalegina», ziurtatu du Galanek.

Ados dago Wang Yulong Fudango Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko irakaslea ere. «Alderdi Komunistak gustuko ditu maila handiko esperimentuak, halako erreforma batek herrialde osoan izan dezakeen eragina neurtzeko. Merkataritza libreko eremuak arrakasta badu, Txinako beste lekuetan ere ezarriko dute, eta alderdiaren barruan erreformen beldur direnak ahulduko ditu».

Berez, Shanghaiko agintariek iragarria dute beren helburua Pudong barruti osora zabaltzea dela. 1.210 kilometro koadro dira (Nafarroa Beherearen azalera ia), Pu  ibaiaren ekialdera.

Baina ustekabe handiena Txinako gobernu zentraleko hainbat funtzionariok eman zuten, urratarrilean, prentsari esan baitzioten urtea amaitu aurretik beste dozena bat FTZ baimenduko dituztela. Analista gehienek espero zuten baino epe nabarmen motzagoa da hori, eta erakusten du Deng Xiaoping buru izan zuen erreforma baino bizkorrago doala honako hau.

Kiniela guztietan daude Zhoushango merkataritza libreko eremua —itsas merkataritzan espezializatua—, Qingdaokoa, Chengdukoa —Txina erdialdeko industrialde indartsuena—, Wuhangoa eta Hangzhoukoa
—telekomunikazio teknologiaren eta Interneten erdigunea—. «Azken helburua da gobernua eta enpresaburuak prestatzea, Txinak mundura guztiz zabaltzeko azken jauzia eman dezan», ziurtatu du Chun Chang irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.