Ederrak bi balio, kariñosiak lau», dio kopla zaharrak. Inbertsiogileek Ibex-35arekin (+%0,42) eta, nagusiki, blue chip-ekin erakutsitako kariñoak 9.400erako bidea lautu du. Londres eta New Yorken jai izaki, ordea, maitasun horren neurria erlatibizatu beharko da. Batez ere Alemaniako Ifo indizeak ez duelako epe laburreko egoera ekonomikoa ederretsi; epe laburrean ederra ez eta erdian ere, kariñoz zaindu beharrekoa. Hortan ere, koplak dioen bezala, «umila izateak asko balio dau». Blue chip guztiek %1era iritsi ez ziren laztan maitekorrak izan zituzten; bestela moldatu zen Endesa (-%2,17) blue chip ohia; baina 12 milioi euro ere ez zituen mugitu. Orotara, baina, 875 milioiren salerosketa baino ez zen izan atzokoa; aspaldiko gutxien. Atzoko maitatuenak Acciona (+%2,52) eta Gamesa (+%1,92) izan ziren; energia eolikoan indartsuenak direnak, Renovablesekin (-%0,29) batera. Bankinter, Cintra, Iberia eta Sacyrrek %1na pasa galdu zuten.
ACSren (-%0,27) presidente Florentino Perezen ustez, Iberdrolan (+%0,5) duten %12,6ko partaidetzak administrazio kontseilariak izateko eskubidea eman beharko lieke, eta ez du baztertu auzitara jotzea bera. %20ko partaidetza erdiestea ei du helburu.
Europac(+%1,76) papergileak ere, dibidenduen ordez akzioen bidezko ordaina hobetsi berri du. 12 akzio zaharreko, akzio berri bana emango die akziodunei. 2,89 euroan kokatu zen atzo akzioen kotizazioa, eta, berri eta zahar, ia 80 milioi akzio izango dira.
Kariñosiak lau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu