Kayaban 38 langile kaleratzea onartu du gobernuak

Dynamobel enpresak 93 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu du, 60 Azkoiengo lantegian eta 33 Berriobeitin

Kayabako langileen protesta, iaz. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Azkenean Nafarroako Gobernuak erabaki du Orkoiengo Kayaba enpresaren enplegua erregulatzeko espedienteaz: enpresak 47 langile kaleratu nahi zituen, eta Nafarroako Gobernuak 38 kaleratzea onartu du. Kaleratuek gutxieneko kalte-ordaina kobratuko dute, 20 egunekoa lan egindako urte bakoitzeko.

Enpresa batzordeko ordezkaritzaren gehiengoak eta enpresak ez zuten akordiorik lortu herenegun, eta erabakia Nafarroako Gobernuaren esku geratu zen. Atzo bertan erabaki zuen.

UGT, CCOO eta CC sindikatuek enpresaren azken eskaintza babestu zuten: 27 langile kaleratzea, 35 eguneko kalte-ordaina eta langile kopuruari eustea, betiere 1.630.000 punpa baino gehiago saltzen bazituen. Kayabak direkzio lagunduentzako ponpa hidraulikoak egiten ditu. Enpresak proposamen hori egiteko langileek hiru urterako hitzarmena onartu behar zuten (2012-2014), lehenengo bi urteetan soldata izoztuta eta hirugarrenean %1eko igoerarekin. Langile gehienek enpresaren eskaintzaren alde egin zuten herenegun, batzarrean.

ELAk eta LABek enpresaren proposamena baztertu zuten, eta greban jarraitzearen alde egin zuten, enpresak ezarritako baldintzak onartezinak direla uste dutelako eta kaleratutako langileak berriro kontratatzea eskatzeko. «Praktikan, enpresak 2017ra arte gurekin nahi zuena egin zezakeen», Iñaki Goldarazena LABeko ordezkariaren esanetan.

Berdinketa sindikatuen artean

Enpresa batzordearen bileran berdinketa gertatu zen, CCOOren, UGTren eta CCren artean bost ordezkari baitituzte, eta ELAk eta LABek beste bost. CCOOk, UGTk eta CCk ez dute greban jarraituko.

Kayabarena ez da egunotako dosier eskaera bakarra Nafarroan. Dynamobelek 60 langile kaleratu nahi ditu Azkoiengo lantegian (282 dira) eta 33 Berriobeitikoan (81 dira). Horrez gain, gainerako langileei 28 eguneko dosierra aplikatu nahi die Azkoienen eta 35ekoa Berriobeitin. Dynamobelek bulegoetako altzariak egiten ditu. Azkoienen 40 langile kaleratu zituen duela bederatzi hilabete.

Cementos Lemonako langileek egun osoko lanuztea egin zuten atzo, enpresak 161 eguneko dosierra aplikatu nahi dielako 123 langileei. Bihar berriro bilduko dira enpresarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.