Berez urduriak diren burtsak euren onetik aterata dabiltza azken egunotan. Itxura batera aparteko ezer erakusten ez duen datu batek, oinarri gutxikoa dirudien zurrumurru batek edo bat-bateko beldurrak txinpartak sor ditzakete. Kea den lekuan sua egoten dela dio esaera zaharrak. Burtsan ez du zertan ala izan, egia edo gezur, batak zein besteak berdin-berdin erre dezake. Societe Generalen kasua da azken adibideetako bat.
Herenegun, %14,74 galdu zuen Frantziako banku handienetan bigarrenaren akzioak. «Zurrumurru eta espekulazioen biktima» izan dela esan du, eta zurrumurru horien jatorria ikertzeko eskatu dio Parisko burtsako Finantza Merkatuen Agintaritzari. Hark baietz esan dio, eta gogorarazi du probetxua ateratzeko asmoz gezurrezko informazioak publikatzeak zigorra izan dezakeela.
Erresuma Batuko Daily Mail egunkariak joan den igandean ateratako artikulu bati leporatu diote oraingoz Societe Generali gertatutakoa. Frantziako Le Monde egunkariak Terminus pour l'euro izeneko saila publikatu du udan. Hamabi kapitulu izan dira, fikziozkoak guztiak, baina errealitatetik gertu zeudenak. Horietako batean, Bruno Le Maire Finantza ministroa, Mario Draghi EBZko presidentea, Georges Soros inbertsore ezaguna eta Wall Street Journal egunkariko kazetari bat ziren protagonistak —lehena Nekazaritza ministroa da, ez finantzena, eta Draghi oraindik ez dute izendatu EBZko presidente—.
Testuan, erosketa eskaintza publiko baten aurrean kokatzen zuten Societe Generale, eta kazetariak adituei galdetu zien Greziaren zorrak zenbateko arriskua eragiten zion hari nahiz Italiako UniCredit bankuari. Hala jartzen zuen igandeko Daily Mail-eko artikuluan: «Societe Generale porrot egiteko zorian, Greziako zorraren ondorioz izandako galera handiengatik». Era berean, UniCrediten egoera ere antzekoa zela zehazten zuen.
Barkamen eskaera
DailyMail-eko testuan ez zen aipatzen informazioa Frantziako egunkaritik hartutakoa zenik, baina bi egunkarietan ageri zen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak oporrak eten zituela Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin biltzeko. Halakorik inork ez du baieztatu.
Azken egunotan, gaiarekin lotutako beste informazio batzuk ere agertu dira, Erresuma Batuko egunkariak publikatutakoari sinesgarritasuna ematen ziotenak. Abuztuaren 3an emaitzak eman zituen bankuak, eta aitortu zuen 395 milioi euroren probisioak egin zituela Greziako zorrari aurre egiteko.
Pilota handituz joan zen. Ezustean, oporrak eten eta bilera batera etortzekoa zela iragarri zuen Sarkozyk. Bankua uste baino larriago ote zegoen eta gobernuak esku hartu beharko ote zuen? AAA maila galduko ote zuen herrialdeak? Zurrumurruak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta Frantziaren egoera ekonomikoa zalantzazkoa dela erakusten duten datu guztiak pilatu, eta lehertu egin zen egoera. %14,74 galdu zuen Societe Generalek. Egunean zehar %22,5 galtzen ere joan zen. Frantziako gainerako bankuak ere kutsatu zituen, eta Europako burtsa guztiek galerak izan zituzten, gehienek %5etik gorakoak.
Noski, galeren arrazoi bakartzat ezin da hartu komunikabieak publikatutakoa, baina esan daiteke hark piztu zuela sua. Barkamena eskatu du Daily Mail-ek bankuari buruzko «gezurrezko informazioa» publikatzeagatik. Italiako Unicreditek baieztatu du pertsonalki jaso dituela barkamen eskaerak. Dena den, halako komunikabide batek halako kaosa eragiteak erakusten du zenbatekoa den tentsioa burtsetan. Izan ere, kontuan hartu behar daegunkari sentsazionalista delaDaily Mail, eta pertsona ezagunei buruzko txutxumutxuak direla haren gai gustukoenak.
Gauzak baretzeko asmoz, Societe Generaleko presidenteak ere hitz egin zuen atzo. Greziari erositako zorraren eraginez «aparteko galerarik» ez dutela azaldu zuen Frederic Oudeak. Christian Noyer Frantziako Bankuko gobernadoreak, berriz, herrialdeko finantza sistemaren sendotasuna nabarmendu zuen, horren erakusgarri bankuen lehen sei hilabeteetako datuak direla nabarmenduta.
Irabaziak burtsetan
Bezperan ez bezala, burtsetan irabaziak izan zituzten atzo Frantziako bankuek: Societe Generalek %3,70; Natixisek %6,73; Credit Agricolek %5,14 eta BNP Paribasek %0,31. Europako burtsek ere zenbaki berdetan amaitu zuten: %3,56 irabazi zuen Madrilgo burtsak, %3,28 Frankfurtekoak, %3,11 Londreskoak eta %2,89 Pariskoak. Dow Jones ere %3,31 irabazten ari zen.
Azken egunotako gertaerak aztertu eta neurri gehiago hartzeko, bilera bat egingo dute hilaren 18an Sarkozyk eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.
Keak suak beste erretzen du
'Daily Mail' egunkariak publikatutako gezurrezko informazio bat jo dute Societe Generalen herenegungo galeren sorburuBezperako galera handien ondotik, %3tik gora irabazi dute Europako burtsek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu