Kider enpresak ez duela aurrera egingo jakinarazi die langileei. Joan den urteko ekainean hartzekodunen lehiaketan sartu zen, eta datozen egunotan enpresa likidatzeko eskaera aurkezteko asmoa du. Albistea El Correo egunkariak aurreratu du gaur goizean.
Kiderrek laurehun langile ditu Euskal Herrian, eta hiru lantegi, bi Araban (Amurrio eta Murga) eta bat Bizkaian (Barakaldo). Supermerkatuentzako ekipamendua egiten duen altzari enpresa da. Abenduaren 26an aldi baterako enplegu erregulazioan sartu zen enpresa, baina egun batzuk lanera itzultzea aurreikusita zegoen, gainean hartutako eskaerei aurre egin ahal izateko.
Langile batzordeak orain arte hartutako ekintza batasuna hautsi du iragarpenak. Gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, greba mugagabera deitzeko asmoa du. LSB, CCOO eta LAB sindikatuek ez dute begi onez ikusten, langileei ez diela mesede egingo iritzita, eta ESK-k eta UGTk ez dute jarrera jakinarazi.
Arazoak 2013. urteko urtarrilean hasi ziren. Orduan, batzordeak eta zuzendaritzak langile kopurua murrizteko akordio bat lortu zuten, baina ez zen gauzatu likidezia falta zelako. Ekainean, konkurtso eskaera egin zuten. Harrezkero, mobilizazio eta protesta ugari egin dituzte langileek, bereziki Aiaraldean.