Ekonomia

Kider enpresaren alde egitea exijitu diote Jaurlaritzari bost sindikatuk

ELAren arabera, enpresan deitutako lanuzte mugagabeak %100eko erantzuna izan du; beste sindikatuek %42koa izan dela diote.

Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 26a
08:57
Entzun

Kiderren etorkizunaren alde "apustu garbia" egitea exijitu diote gaur bost sindikatuk Eusko Jaurlaritzari. LSB, ESK, UGT, LAB eta CCOOko ordezkariek agerraldia egin dute gaur enpresaren egoera azaltzeko. Batzordean ordezkaritzaren erdia du ELAk, baina beste estrategia bat aukeratu du. Agerraldia egin duten sindikatuen ustez, Iñigo Urkulluren gobernuak ez du inolako interesik agertu enpresaren jarraipenari laguntzeko. "Aldiz, hartzekodun gisa oso eroso dago, enpresa nazioartera ateratzeko jarri zituen hiru milioi euroak berreskuratzeko ahaleginean". Edesaren kasuan erakunde publikoek agerian utzitako borondatea eskatu dute.

Supermerkatuentzako ekipamendua egiten du Kiderrek. Hiru lantegi ditu Euskal Herrian. Araban bi (Amurrio eta Murga), eta bat Bizkaian (Barakaldo). Hartzekodunen konkurtsoan sartuta dago enpresa joan den urteko uztailetik. Gaur egun, 388 langile ditu, baina zeharkako beste 600-900 lanpostu eragiten ditu.

Konkurtsoa hasi zenetik beste inbertitzaileren bat sartzeko aukera aztertzen aritu dira. Joan den astean, enpresa erosteko prest zegoen inbertitzaile bat erretiratu zen. Hori ikusita, Kiderreko zuzendaritzak eta administratzaile konkurtsalak enpresa likidatzeko bidean jartzea erabaki zuten, eta lanpostu guztiak kentzeko erregulazio dosierra egitea.

Sindikatuek onartu dute egoera oso zaila dela, baina enpresarentzat itxaropen guztia ez dela amaitu ziurtatu dute. Gaur-gaurkoz, lanean ari dira, eta martxoaren 28a arteko lan zama bermatua dute. "Irekita eta lanean jarraitzen duen bitartean, aukerak badaude", adierazi dute. Hori dela eta, bost sindikatu horiek ez dute babestu ELAk enpresan deitu duen lanuzte mugagabea, langileen egoerari kalte egingo zaiola iritzita.

Enpresa likidatzeko arriskuan sartu bezain pronto, batzordean zegoen ekintza batasuna hautsi da. ELAk, bere kabuz, langileak greba mugagabera deitzea erabaki zuen. Beste sindikatuek ez dute babestuko. Erantzunari buruz, datu kontrajarriak eman dituzte bi aldeek, gainera. ELAk adierazi du %100 izan dela, hiru lantegien artean soilik bost langile joan direlako lanera. Beste bost sindikatuek, ordea, bestelako datuak eman dituzte. Haien arabera, 223 langile ari dira beharrean, eta 165 langilek bat egin dute lanuztearekin, %42k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.