Koronabirusari aurre egiteko, munduko agintari gehienek muga anitz jarri dizkiote ostalaritzari azken urtean. Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek txosten bat plazaratu du gaur, Gipuzkoan eragindako kaltea islatzen duena, garbi utzi nahian "Euskadiko sektore handienen artean sektore ekonomiko kaltetuena" dela ostalaritza, enpleguari, jardueraren beherakadari eta galerei dagokienez. Martinez oso haserre azaldu da Eusko Jaurlaritzarekin, sinetsita dagoelako Gasteizko gobernuak beste jarrera bat izango zuela ostalaritza ez baina beste edozein sektorek jaso izan balu halako kaltea: "Datu horiek herrialdeko beste sektore ekonomiko batzuek izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna eta laguntza ekonomikoa berehalakoa izango zen".
Gipuzkoako ostalarien bozeramailea atzerrira begira jarri da, Jaurlaritzaren laguntza eskasak agerian uzteko. "Europako herrialde aurreratuak, hala nola Frantzia, Alemania eta Herbehereak, ostalaritzari laguntzen ari zaizkio etengabe, urrian itxi zirenetik". Euskal Herrian bertan, beste politika bat egiten ari den administrazio bat ere bada, haren ustez: Nafarroa. Eta Espainiako "Murtzia eta Extremadura" aipatu ditu "laguntzetan Euskadi nabarmen gainditzen duten erkidego" gisa.
Zuzeneko laguntzak
"Kasu batzuetan, berariazko planak egiten dira sektore kaltetuenentzat", esplikatu du, eta plan zehatzak azaldu ditu: Kataluniako gaueko aisialdia eta Valentziako Erkidegoko goi mailako sukaldaritza, esaterako. Martinezek garbi esan du ostaritza pandemiaren errudun egiten duela oraindik ere administrazioak. "Gu estigmatizatzen jarraitzen dute, eta itxiarazten, beste esparruetan jardun gabe. Hala, beste estrategia bat eskatu dio Jaurlaritzari: "Susperraldia ez da murrizketekin egiten, txertaketa eta duela zenbait hilabete iragarritako zuzeneko laguntza programak bizkortuz baizik. Gaur egun ez dugu horien berri".
Txertaketa ere hizpide hartu du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak, sektoreko langileei txertoa lehenbailehen eman diezaietela eskatzeko. "Arrisku handieneko adin taldeei txertoa jarri ondoren, gure langileei berehala txertoa jartzeko eskatzen diegu, administrazio publikoek orain arte hartutako neurrien arabera kutsatzeko arrisku handiena duten taldeetako bat baitira".