Sutea

Kiskalita gelditu da Olatu enpresa, Oiartzunen

Atzo arratsaldean piztu zen sua, eta zortzi orduz izan zen piztuta. Zazpi suhiltzaile eta beste lagun bat lagun artatu zituzten osasun zerbitzuek. Pukas markako surfeko taulak egiten ditu Olatuk.

Olatu enpresa, sutan, atzo. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2017ko ekainaren 20a
08:41
Entzun

17:00etan piztu zen sutea, eta azkar zabaldu ziren garrak, osagai kimiko asko zeudelako lantegian. Langileak azkar atera ziren enpresatik, eta Ertzaintzak jendea atera zuen inguruko lantegi eta etxeetatik.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Ugaldetxe enpresa gunean dago Olaturen lantegia. 

Lan luzea izan da sua erabat itzaltzea, eta goizaldeko ordu batak arte iraun zuen. Bidasoko, Donostiako, Zarauzko, Legazpiko eta Tolosako suhiltzaileak aritu ziren horretan. Garrak mendean hartu zituzten atzo, baina gau osoan aritu dira lanean, sua erabat itzaltzeko lanetan.

Suhiltzaileen foru zerbitzuko arduradunek lagunduta, Imanol Lasa foru diputatua Olatu enpresara joan da gaur goizean, sutearen ondorioak bertatik bertara ezagutzeko. Babesa adierazi die enpresako arduradunei: “Familia ekintzailea da, surfaren munduan aitzindaria, eta duela urte askotatik ona erreferente argia taulen diseinu eta ekoizpenean, edota txapelketen antolaketan. Gipuzkoa munduan ezagutarazi duen marka da, zalantzarik gabe. Egoeraren gogortasunaren barruan, enpresa aurrera ateratzeko eta lehenbailehen normaltasuna berreskuratzeko motibazioarekin ikusi ditut. Gure elkarlana eskaini diegu”,

Era berean, suhiltzaileek egindako lana goraipatu du diputatuak, “oso baldintza fisiko zailetan eta ia ahitu arte” jardun zutela azpimarratuz. Izan ere, zazpi suhiltzaile artatu behar izan zituzten ospitalean, Bidasoko eta Donostiako zentroetan bero kolpeak jasan ondoren –eta ez kea arnasteagatik-. Denak onik daude, eta lanerako moduan.

Arkaitz Orbegozo foru zerbitzuko arduradunak aditzera eman duenez, suhiltzaileek atzoko 17:04an jaso zuten abisu deia, eta 17:16an bertaratu ziren. Zortzi bat ordu behar izan zituzten sua itzaltzeko, goizeko ordu bata arte, gutxi gorabehera, baina zazpiak arte laguntza talde bat mantendu dute bertan, egoera kontrolpean zegoela bermatzeko. Substantzia kimikoak zirela eta, sua oso azkar zabaldu zen, eta leherketak izan ziren. Oso tenperatura beroak izan ziren: kanpoko aldean 200 gradura iritsi ziren, eta barruan, berriz, 1.000 gradutik gorakoak. Suhiltzaileek lanerako erabilitako elementuetako batzuk urtu egin ziren hori dela eta. Ur-harguneekiko pabiloiak duen kokapenak eta egunotako eguraldi beroak areago zaildu dute esku hartzea.

Sua bereziki bizia izan zen, eta inguruko instalazioetara zabal zedin saihestea izan zen suhiltzaileen helburu nagusia. Orbegozok azaldutakoaren arabera, azken urteetan eduki duten esku hartze konplexuenetako eta handienetako bat izan da. Horren erakusgarri dira suhiltzaileek erabili behar izan dituzten bitartekoak. 71 suhiltzaile aritu dira lanean guztira, horietatik 55 foru zerbitzukoak eta besteak Donostiako Udalekoak. 29 ibilgailu mugiarazi behar izan zituzten guztira: 13 autoponpa, 5 eskailera eta 11 arin.

Olaturen biltegiaren egiturak oso kalte larriak jasan zituen eta metalezko estalkia erori egin zen. Recambios Oiartzuni, aldameneko enpresari ere kalte egin zion zuteak. Goiko solairua erre egin zen. Bertako arduradunekin ere batzartu da Lasa, aldundiaren babesa helarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.