Enplegua

Klausula sozialak ezartzea onartu du Eusko Legebiltzarrak, jatorriko eskaerak baztertuta

EAJk eta PSE-EEk lortutako akordioa aurrera atera da PP eta UPDren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin.

ELA sindikatuak klausula sozialen herri ekinbidearen alde egindako manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko martxoaren 15a
08:31
Entzun

Kontratazio publikoan klausula sozialak ezartzeko eskaerak azkenaurreko tramitea gainditu du gaur lege bihurtu baino lehen. Eusko Legebiltzarreko ogasun eta aurrekontu batzordeak bozkatu eta onartu du ekinbidea aztertu zuen lan taldeak proposatu zuen irizpena. EAJren eta PSE-EEren arteko akordio baten emaitza da irizpen hori, eta klausula sozialak proposatu zituen herri ekinbide legegilearen eskaera nagusiak alde batera uztea eragingo du.

ELA sindikatuak bultzatu du adjudikazio publikoetan gutxieneko baldintza batzuk ezartzea. Orain dela bi urte herri ekinbide legegilea aurkeztu zuen sindikatuak, eta 110.000 sinadura bildu zituen, halako ekinaldi batek inoiz izandako kopururik handiena. Bi helburu zituen proposamenak. Alde batetik, administrazio publikoak sustatutako obretan edo adjudikazioetan sektoreko itun hurbilena betearaztea. Beste aldetik, adjudikazioa lortzen duen enpresa aldatzerakoan, langileak subrogatuta gelditzea, aurretik zituzten eskubide eta betebehar berberekin. Baldintzak beteko ez balira, administrazioak eskubidea luke kontratua eten eta bertan behera uzteko.

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak alde batera utzi du sektoreko itun hurbilena betearazteko baldintza. Horren ordez, obra edo zerbitzu baten adjudikazioa eskatzen duen enpresak argitu beharko du eskaeran zein itun ezarriko lukeen, administrazioarekin kontratua lortuz gero. Subrogazioari dagokionez, ez da baldintza orokor gisa finkatuko. Horren ordez, administrazioak argitu beharko du subrogazioa egin beharko den edo ez adjudikazio bakoitzean.

Gai polemikoa izan da. Hasiera batean, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu zituzten zuzenketek betetzen zituzten ELAren helburuak. Haatik, PSE-EEk jarrera aldatu, zuzenketa horiek baztertu, eta akordioa itxi zuen jeltzaleekin. Iritzi aldaketa justifikatu nahi izan du gaur Bixen Itxaso PSE-EEko legebiltzarkideak. Haren ustez, ELAren ekinbidea "engainagarria" zen, legebiltzarrak ezin duelako negoziazio kolektiboari dagozkion esparruak arautu. Itxasoren arabera, proposamena bere horretan onartzea "kale itsua" zen, talka egiten zuelako indarrean dagoen Espainiako legediarekin.

Jeltzaleek eta sozialistek hitzartu duten edukia kritikatu du EH Bilduk. "Baldintza prekario eta kaxkarrak jarraitzea ahalbidetuko du", ohartarazi die Belen Arrondo legebiltzarkideak. Irizpenak ez duela proposamenaren muina "inolaz ere" jasotzen uste du koalizio abertzaleak. "Ez du helburu bat bera ere betetzeko balio", Arrondoren hitzetan.

Irizpena onartuta, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura eztabaidatu eta bozkatuko da orain. Gehiengoa bermatuta dute jeltzaleek eta sozialistek. Gaurko batzordean, gainera, PPren eta UPDren abstentzioak bidelagun izan dituzte.

Proposamena eztabaidatzen ari zen bitartean, ELA sindikatuak herri ekinbide legegilearen "lurperatzea" antzeztu du ganberaren kanpoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.