lan baldintzak

Klausula sozialen ekinaldia oso aldatuta onartu du Eusko Legebiltzarrak

ELA kexu da EAJk eta PSEk hitzartutako legegaiak ez duela antzik berak proposatutakoarekin.

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 7a
17:29
Entzun

Orain dela bi urte abiatu zuen bidea ekinaldiak. ELA sindikatuak 110.000 sinaduraren babesa lortu zuen, halako bilketa batek Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz izan duen kopururik handiena. Bi helburu zituen proposamenak. Alde batetik, administrazio publikoak sustatutako obretan edo adjudikazioetan sektoreko itun hurbilena betearaztea. Beste aldetik, adjudikazioa lortzen duen enpresa aldatzerakoan, langileak subrogatuta gelditzea, aurretik zituzten eskubide eta betebehar berberekin. Baldintzak beteko ez balira, administrazioak eskubidea luke kontratua eten eta bertan behera uzteko.

Azken finean, sektore publikoan langileei gutxieneko lan baldintza batzuk bermatzea zen helburua. ELAk kalkulatu du 55.000 langileri eragingo liekeela. Proposamen pareko bat aho batez onartu zen Nafarroako Parlamentuan joan den urtean, alderdi guztien oniritziarekin.

Jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioak ez du finkatuko enpresek bete beharko duten lan ituna. Horren ordez, enpresei eskatzen zaie adjudikaziora aurkezterakoan esatea zein itunen arabera lan egingo duten, ondoren administrazioak erabaki dezan. Horrez gain, langileen subrogazioa nahi den edo ez adjudikazio bakoitzean argitzea hitzartu dute, guztietan bete beharreko baldintza orokor gisa jarri ordez. Bi aldaketa horiek EAJk aurkeztu zituen zuzenketetan oinarrituta daude.

Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu dute Eusko Legebiltzarrak ez duela nahiko eskumenik ELAren ekinaldiaren eskaera askoren gainean, dela Espainiako Kongresuarenak direlako, dela negoziazio kolektiboaren esku daudelako. Arrazoi horiek babestu ditu UPDk, eta aldeko botoa eman du.

EH Bilduk bat egin du ekinaldiaren jatorriko asmoarekin eta beste talde guztiek babestutako legegaiaren aurkako botoa eman du, motz geratu dela argudiatuta.

LABen protesta

Proposamena ELArena izanda ere, babes osoa adierazi dio LABek ere. Legebiltzarreko saioan izan dira sindikatu horretako ordezkariak, ikusle gisa, eta bozketa gertatu aurretik ahots ozenez salatu dute EAJren eta PSEren jarrera, beren ustez, "prekaritatea inposatuko" dutelako. Aretotik kanporatu dituzte.

"Ahoa beteko zaie EAJ eta PSEko parlamentariei Lan Erreformaren aurka daudela esanez, baina berau baldintzatzeko lehen aukeraren aurrean, berriz ere kokatzen dira gutxiengo baten aurka (azpikontratatutako enpresak) eta gehiengoaren aurka (Herri honetako langileria). EAJ eta PSEk betikoa aukeratu dute: enpresei mesede egitea eta langileak eta herritarrak kaltetzea. Batak zein besteak langileon interesei bizkar ematen jarraitzen dute. Geroz eta Superprekario gehiago gara Euskal Herrian, geroz eta langile gehiago, prekarietatean bizitzera kondenatuta", azaldu du LABek, agiri baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.