Zorraren krisia. Grezia

Koalizioko gobernua osatu nahi dute Grezian, galdeketa baztertuta

Negoziatzea onartu arren, Papandreuri dimisioa emateko eta hauteskundeetara deitzeko eskatu dio oposizioakLehen ministroak aukera gutxi ditu gaurko konfiantza mozioa aurrera ateratzeko

2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Astebetean bigarren aldiz, mundua zur eta lur utzi du Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak: astelehenean, bigarren erreskatearen inguruan herri galdeketa egiteko asmoa iragarri zuelako; eta, atzo, atzera egin eta herri galdeketarik ez duela egingo esan zuelako. Itxura denez, batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko elkarrizketak abiatzea hitzartu du oposizioarekin, Nea Dimokratia (demokrazia berria) alderdiarekin. Trukean, erreferenduma bertan behera uzteko eskatu dio oposizioak.

Atzokoa zoratzeko moduko eguna izan zen Papandreurentzat, bileraz bilera ibili baitzen herri galdeketaren iragarpenak eragindako krisi politikoa konpondu nahian. Eta gustura geratu zen lortutako emaitzekin. Behintzat, irribarrea ezpainetan zuela azaldu zen Antonio Samaras oposizioko buruarekin telefonoz izandako elkarrizketaren ostean. «Intentzio onak dituela uste dut, elkarlanerako prest dagoela eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot», adierazi zuen. Bere asmo bakarra bigarren erreskatea aurrera ateratzeko nahikoa babes lortzea dela azaldu zuen Greziako lehen ministroak eta horregatik egin zuela herri galdeketarako deia. «Aurreratu nuen, ordea, oposizioarekin ados jartzea lortuz gero ez zela herri galdeketaren beharrik egongo».Eta horixe gertatu da.

Herri galdeketaren iragarpenarekin oposizioari presioa egitea eta negoziatzera eseraraztea lortu du Papandreuk. Baina oposizioak haserre jarraitzen du lehen ministroarekin, oso haserre. Samarasek lehenbailehen dimisioa emateko eta herritarrei hauteskundeetarako deia egiteko eskatu zion. «Herritarren artean onarpen zabala duten pertsonekin sei aste iraungo lukeen trantsizio gobernu bat osatzea proposatzen dut, gero hauteskundeak egiteko. Papandreuri, berriz, dimisioa emateko eskatzen diot, horrek gauzak asko erraztuko lituzkeelako».

Kargua, kolokan

Herri galdeketa egiteko asmoa bertan behera utzi ostean, onena gaurko konfiantza mozioa ere bertan behera uztea litzatekeela adierazi zuen Papandreuk, baina oposizioak ezezkoa erantzun zion, kostako baitzaio behar adinako babesa lortzea. Parlamentuan eserlekua duten 300 diputatutatik 152ren aldeko botoa behar du lehen ministroak, baina Pasokek 152 baino ez ditu eta horietako batzuk dagoeneko aurreratu dute ez diotela babesik emango. Mozioa aurrera aterako ez balu, Greziako presidentearen esku utzi beharko luke kargua eta, normalena, hark hauteskundeetarako deia egitea litzateke.

«Biharkoa [gaurkoa] egun garrantzitsua da herrialdearentzat. Herrialdearen interesean pentsatu behar dugu eta ez interes pertsonalean», adierazi zuen Parlamentuan, alderdikideen eta oposizioko kideen botoak eskuratzeko intentzioarekin. «Garbi hitz egingo dizuet, gure betebeharrak ez baditugu betetzen, litekeena da euroa utzi behar izatea».

Kuriosoa, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bezperan bera izutzeko erabilitako argudioak erabili zituen PaPandreuk atzo Greziako diputatuak izutzeko. Baina ikusteke dago emaitza berberak lortzen dituen. Merkelek eta Sarkozyk bai, neurri batean lortu zuten Papandreu konbentzitzea, bilerara herri galdeketa egiteko intentzio argiarekin sartu arren bileratik zalantzaz beteta irten zelako. Merkelek eta Sarkozyk erreferendumaren emaitza ezezkoa izatearen ondorioak jarri zizkioten mahai gainean: Greziak nazioartearen laguntza galduko zuela eta euroa ez ezik Europako Batasuna utzi egin beharko zuela. Atzo, dagoeneko, lehen erreskatearen seigarren zatiari dagozkion 8.000 milioi euroak emateko erabakia bertan behera utzi zuen Europak.

Txarrenerako prest

Gainera, badaezpada ere, Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Espainiako gobernuburuek eta Europako Batzordeko eta Nazioarteko Diru Funtseko arduradunek larrialdiko goi bileratxoa egin zuten atzo goizean Cannesen. Txarrenerako prestatzeko neurriak hitzartu zituzten bilera hartan, Greziako krisiak euroguneko gainontzeko herrialdeetan ahalik eta eraginik txikiena izateko neurriak, hain zuzen. Funtsean, zorraren krisia konpontzeko joan den astean Bruselan hitzartutakoak ahalik eta azkarren indarrean jartzeko konpromisoa hartu zuten. Hartzekodun pribatuek —bankuak, funtsean— Greziari zorraren erdia barkatzea, barkatze horrek eragindako galerei aurre egin ahal izateko bankuak kapitalizatzea eta erreskate funtsa handitzea eta estatuen zorra bermatuko duen tresna gisa erabiltzea adostu zituzten.

Astelehenaz geroztik gertatutako guztiaren ondoren, Merkel andereak errezeloz hartu zuen Papandreuk herri galdeketa bertan behera utzi duen berria. Eta ekintzak eskatu zizkion, «guretzat ekintzak direlako axola dutenak».Hala, iragan astean Bruselan hitzartutakoa lehenbailehen onartzea galdegin zion Atenasi, besteak beste, bera delako interesatu nagusia.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, adierazi zuen Europako Batasunak Greziari laguntzen jarraitzeko asmoa duela, baina horretarako herrialdearen konpromiso argia behar duela. «Bi erreskateen truke hitzartutako guztia betetzeko Greziaren konpromisoak ura bezain gardena izan behar du», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.