Sindikatuen autonomiari prezioa jarri dio ELAk: 835.000 euro urtean. Horixe da ELAk jasoko ez duen dirua Osalan, Hobetuz eta enplegua hobetzeko batzordeetan parte ez hartzeagatik. Erakunde horiek «koherentziagatik» utzi dituela adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, etaazaldu du gogoeta, sindikalismoa eta politika egiteko autonomia duela horri esker.
Bilboko Esperantza frontoian bildutako ELAko 1.200 ordezkarien aurrean, Muñozek justifikatu egin du LABekin batera Osalan uzteko erabakia. Haren arabera, Espainiaren eredua da Osalanena, «patronalaren menpekoa: zaintzarik gabekoa, isunik gabekoa, zigorrik gabekoa».
Baina ELAk uste du Osalan tresna egokia izan daitekeela lan istripuei aurre egiteko, behin-behinekotasunarekin lotura daukan neurrian. Muñozen datuen arabera, istripua dutenen %72k behin-behineko kontratuak dituzte, %26k azpikontratentzat egiten dute lan, %17k aldi baterako enpresentzat, eta %10 etorkinak dira. Horren inguruan, Gobernuak asko egin dezakeela iruditzen zaio: «Kontratazioetan lan araudiaren iruzurra eten dezake Lan Ikuskaritzaren bidez; etengabeko azpikontratazioa murriztu eta kontrolatu dezake, batez ere eraikuntza publikoan: hitzarmen kolektiboak betearaz ditzake... Gauza asko egin ditzake Gobernuak, baina ez du nahi». Zergatik? «Ez dagoelako patronalaren aurka ezer egiteko prest». Funtsean, Muñozek uste du gobernuek ez dutela benetan erabakirik hartzen, «kapitalen enkargukoak» inposatzea ez bada. «Politika antzerki hutsa da. Baina saiatu behar dute, inor ohar ez dadin haiek agintzen ez dutela».
Gipuzkoako eraikuntza publikoa adibidetzat jarri du Muñozek. «Bost enpresa daude eta azpikontrata kate amaitezina. Eta hortik aurrera, esplotazioa. Lan ituna ez da betetzen. Enpresak beharrean dauden jendeaz profitatzen dira, mehatxu egiten diete... Ordua 6,5 euroan kobratu eta 12 orduko lanaldiak egiten dituztenek istripuak izateko arrisku handiagoa dute. Guri soilik axola digu, haiek etekina baizik ez dute bilatzen. Ongi pagatuko baliete, gai lirateke estrategikotzat jotzea Kontxako hondartza porlanez estaltzea».
CCOOren erantzuna
Sindikatu guztiek ELAren jarrera balute lan arriskuen prebentziorako dirua Madrilen geratuko liratekeela erantzun du Euskadiko CCOOk, eta ez liratekela istripuak eragozteko programetan gastatuko. CCOOk galdetu dio ELAri zergatik ez dioten uko egiten Madrilgo gobernuak Espainiako eta Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialetan parte hartzeagatik ematen dizkion 600.000 euroei. Edonola ere, CCOOk uste du ez dela asko antzemango, «ELAk lan osasun kontuetan ezer gutxi» egin duelako.
«Koherentziaren» izenean urtean 835.000 eurori uko egin diela ziurtatu du ELAk
Muñozek uste du lan osasunean badagoela zeregina, istripua dutenen %72 aldi baterakoak direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu