Koipea. Horrelaxe deitzen zioten duela hogei bat urte Ondarroako baxurako arrantzaleek berdelari itsasoan edo sarean ikusten zutenean. Gutxiespenez. «Horri jaramonik ere ez!», esaten zuten. Hala gogoratzen du, behintzat, goizeko sei eta erdietan Ondarroako portutik itsasoratutako Itoitz itsasontziko patroiak. Herriko abizen petoenetako baten jabe birritan izatea galoi moduan erakusten du bere burua aurkezterakoan. «Juan Ramon Badiola Badiola, ¡que no falte!». Ez zaio umore onik falta esnatu berritan ere. Berdeletara doa zazpi laguneko tripulazioarekin. Berdela orain ez delako koipe hutsa, bigarren mailakoa. Hain zuzen ere, arrain urdinaren gantz bereziei esker, omega 3 koipeak elikadura osasuntsurako dituen bertuteei esker, ia-ia urre berde bihurtu da berdela. Urre horrek ez ditu arrantzaleen poltsikoak barra-barra aberasten, baina urteko kanpainarik garrantzitsuenetako bat da.
«Urteko diru sarreren %50 inguru izaten zen lehen. Orain, gutxiago. Aurten, ez dakit zer pisu izango duen, kupo berriarekin». Eskarmentutik egiten du berba Badiolak, 48 urteko patroia 16 urte zituenetik baitabil itsasoan. Orain dela urte batzuk berdel askoz gehiago harrapatu eta saltzen zuten, baina merke-merke. Orain, merkatua zabaldu eta eskaria handitu da, eta berdela ere garestitu. «Baina marinelok ez dugu gehiago irabazten, kupoengatik gutxiago harrapa dezakegulako». Horri, gainera, gasolioaren prezio igoera gehitu behar zaio. «Arrainaren prezioa geldi dago, eta gastuak gora eta gora. Gogoan dut 1990ean gasolioa 17 pezetatan erosten genuela, eta orain 61 zentimotan. 101 pezeta, pentsa».
Kostaldea atzean lagata, egunsentiarekin batera, radarrean berdela noiz agertuko dago Badiola. «Lehen orduetan urduriago ibiltzen gara denok. Bila eta bila. Ea noiz topatuko». Harrapatzeko ordurik onenak goiza eta arratsaldea direla azaldu du patroiak. «Eguzkia zenbat eta gorago, orduan eta berdel gutxiago».
Adjektibo asko dituzte arrantzaleek berdelarentzat, gehienak gaiztoak. «Berdela tranpatia da», bota du Badiolak. Radarrean ez da garbi-garbi agertzen. Arrainen igeri-puxiketako airea detektatzen du radarrak, baina berdelek gainontzeko arrainek baino igeri-puxika txikiagoa daukate, eta pantailan ikusten zailagoak dira. Badiolak, ordea, begia ondo zorroztuta dauka.
«Berdela arrain ergela da». Horra bigarren adjektiboa. Ergela, harrapatzeko karnatarik jarri beharrik ez daukalako: nahikoa dira amua pitara eusten duen hari gorria eta amuaren dirdira arraina erakartzeko. Baxurako ontzi batzuk sarearekin harrapatzen dute berdela, baina Itoitz-ek pintxoan egiten du. Amuarekin. Banan-banan.
Kuotarekin konforme
Sistema hidrauliko baten bidez uretara botatzen dute 32 amudun pita, puntan berunarekin. Txorta deitzen diote apareju bakoitzari, eta sistema hidrauliko bidez igotzen dute gero, amuetan berdelak datozela. Zortea dagoenean, kubiertako lurra ikusi ere ez da egiten, berdelaren berdelaz. Baina oraindik Badiola eguneko lehenengo berdelaren bila dabil zubian, eta gainontzeko sei arrantzaleak kubiertan daude. Aparailu guztiak prest, arrantzan hasteko zain. Hiru baino ez dira ondarroarrak: Badiola eta beste bi marinel. Beste bat Laudiokoa da, eta beste hiru indonesiarrak.
Berriketan dabiltza Laurentzi Badiola eta Maximino Regueira arrantzale ondarroarrak, lanean hasteko agindua entzun bitartean. «Kanpainarik erosoena da berdelarena; behintzat, egunero etxean lo egiten dugu. Atunarekin eta legatzarekin denboraldi luzeak egiten ditugu itsasoan», azaldu du Laurentzi Badiolak. Regueirak, berriz, kupoa du ahotan. «Gustura gaude aurtengo kupoarekin. Galiziar eta asturiarrak ez dira berdeletan ibili orain gutxi arte. Arrantza historikoa kontuan izateko eskatu genuen, eta zorionez aintzat hartu dute banaketa egiterakoan». Eztabaidak hilabete atzeratu du berdelaren kanpainaren hasiera, baina emaitza ona izan du euskal arrantzaleentzat, Espainiako berdel kuotaren %42 lortu dutelako.
Amaitu da barriketa. Lehen botaldia egiteko agindua eman du patroiak zubitik. Erne denak. Bakoitza bere postura. Ondarroatik zortzi miliatara dago ontzia goizeko zortzi eta erdietan. Ez da berdel asko igo lehen aldian, eta motorra martxan jarri eta bila segitu behar du Badiolak, radarrari begira. Irratiz berbetan dabil une oro. Arlanpi da enpresako bigarren ontzia, eta, berdela bakoitzak bere aldetik harrapatu arren, elkarrekin ateratzen dira itsasora, eta elkarri laguntzen diote arraina bilatzerakoan. Goizean goiz gutxi arrantzatzearen errua ontzian kazetariak eramatearena dela diote elkarri irratitik barrez.
Zubiko irratian, halere, ahots ugari entzuten dira etengabe. Dozena bat ontzi dabiltza berdeletan eremu berean, elkarrengandik gertu-gertu. Lagun, baina lehiakide. Bermeotarrak, lekeitiarrak, ondarroarrak, getariarrak... Badiolak ondo daki entzundakoa galbahetik pasatu behar duela. «Ehiztari, perretxiko biltzaile eta arrantzale guztiok gara gezurtiak. Genetikoa izan behar du».
Arraina topatzen jakin beharra dago, baina «loteria» ere badela uste du Badiolak. Eta fededuna ez bada ere, Antiguako Amaren bi irudi eta San Pankrazioren beste bat ditu zubian. Itsastarrak superstiziosoak dira. Galiziatik ekarritako beste superstizio bat da brankan berakatz buruak jartzea. «Erretiratuta dagoen nire anaiak itsasontzia berakatzez betetzen zuen atunetan eskas ibiltzen baginenean», gogoratu da irribarrez patroia.
Orduak aurrera egin ahala, eta Badiolaren abileziari esker, ontzia berdelez betetzen ari da. Zubitik karel ondora jaitsi, eta beste seiekin batera dabil arrantzan patroia ere. Denbora luzez ari da igotzen arraina, eta kubiertako soinuek lanari indarrez eusteko erritmo egokia sortzen dute. Pitaren karretearen karranka, amuek metalezko arranpa jotzean egindako dilin-dalan hotsa eta lurrean, marinelak inguratuz, itolarrian salto-saltoka dabiltzan berdelak. Milaka berdelek bata bestearen gainean espasmoka ateratzen duten soinua txalo zaparradatik gertu dago arrantzalearen belarrian.
Pintxoko ontzietan eguneko kupoa arrantzaleko kalkulatzen da. Marineleko 1.200 kilo berdel har daitezke egunean. Itoitz-ek, beraz, 8.400 kiloan du eguneko kupoa. Arratsaldeko lauretarako, 580 kaxarekin, ia-ia bete du kupoa, eta, Ondarroako Kofradian enkantea 17:00etan denez, lehorrerantz doa itsasontzia. Kanpainako lehen astean, berdela gertu izanik, ia egunero bete du kupoa Badiolak, eta, martxa horretan jarraituz gero, kanpainak hiru edo lau aste iraungo diela uste du. Urtarril-otsailak lehorrean egiten ditu Itoitz-ek. Martxo-apirilak berdeletan, eta uda atunetan; gainontzeko hilabeteak arrain zuritan ibiltzen da. Denak pintxoan.
Pare bat mila euro ere irabaz dezake arrantzale batek berdel aste bikain bat izanez gero. Baina irregulartasuna da nagusi itsasoan, eta hilabeteak egon daiteke gutxi edo ezer kobratu barik ere. Oraintxe oasia, oraintxe desertua. Berdela porturatu eta erosleek produktua ikusita, enkantean kiloa 80 zentimotan saldu du Itoitz-ek. «Hobetu daiteke, baina ez dago txarto», Badiolarentzat. Biharamunean, merkatuetan berdel kiloa 3,25 bat eurotan zegoen salgai.