Pentsioen erreforma eta lan arloko beste puntu batzuk aztertzeko lehen aldiz batera bildu ziren atzo Espainiako Gobernua, patronala eta sindikatu nagusiak. Bileran ez zen akordiorik egon, baina negoziazioekin aurrera jarraitzeko borondatea dutela adierazi zuten guztiek, batzarraren ondoren elkarrekin atera zuten idazkian. Gainera, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei ere elkarrizketa horietan egoteko aukera eman nahi diete.
Pentsio sistemaren erreforma ez ezik, bestelako gai batzuk ere aztertu zituzten bileran. Esaterako, lan erreformaren garapena, enplegu politika aktiboak eta negoziazio kolektiboaren moldaketa. Horietarik azkena —negoziazio kolektiboa— patronalaren eta sindikatuen artean negoziatzen jarraitzea hitzartu zuten, eta gobernuari horri buruzko informazioa ere helaraziko diote. Lan erreformak martxoaren 20ra arteko epea ematen die gizarte eragileei horren edukia adosteko, eta, akordiorik ez badago, gobernuak erabakiko du.
Joan den asteburuan pentsioen erreformari buruz negoziatzen hasi zen Espainiako Gobernua UGT eta CCOO sindikatuekin. Bilera batzuen ondoren, mahaian beste gai batzuk sartzea eta «itun globala» bilatzea eskatu zuten sindikatuek. Atzo, lehen aldiz, CEOE eta CEPYME elkarrizketa horietan parte hartu zuten, Joan Rosell patronaleko presidente berriaren eskutik.
Erlojuaren aurka
Negoziatzaileek erlojua kontradute, pentsio sistemaren moldaketa urtarrilaren 28an onartu nahi duelako Espainiako Gobernuak. Elkarrizketak itxi ez badira ere, negoziazio «zaila» dela eta akordioa «urrun» dagoela aitortu zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba gobernuko lehen presidenteordeak.
Besteak beste, erretiroaren adin ofiziala 67 urtera igo nahi du Zapateroren gobernuak, orain baino bi gehiago. Era berean, pentsioaren ordaina kalkulatzeko erabiltzen den adin tartea orain baino zabalagoa izatea aurreikusten du.
Kongresuko alderdiak ere bilduko dituzte pentsioen negoziazioetara
Elkarrizketekin aurrera egingo dute gobernuak eta gizarte eragileek, baina akordioa «urrun» ikusten du Rubalcabak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu