Gipuzkoako Diputazioko Garbiñe Errekondok adierazi duenez, Alfa enpresaren (Eibar, Gipuzkoa) arduradunek ondo bete dituzte Suteen Prebentziorako Zerbitzuaren aholkuak: sutea piztu eta berehala deitu diete larrialdi zerbitzuei, eta azkar batean hustu dute eraikina. Horrez gain, eraikina bera hainbat konpartimendutan egituratuta egoteak "ondorio larriagoak" ez izatea eragin du. Ez da zauriturik izan: labean eta lehengaiak gordetzen dituzten biltegian izan dira kalteak. "Hiru neurri horiek egoki bete izanagatik, suteak eragindako kalteak txikiagoak izan dira", adierazi du Errekondok.
Sutea piztearekin batera, berrehun langile inguru enpresatik atera dituzte prebentzio neurri gisa; ertzainek jakinarazi dute ez dagoela zauriturik. Sua 11:30ean piztu da, eztanda bat entzun ondoren. Suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu dira, langileak enpresatik atera eta sua itzaltzera. Enpresak sufritu dituen kalteak zenbatekoak diren ez dakite oraindik.
Eztanda Alfa Arten gertatu da, argizari bidoietan, Ertzaintzak jakinarazi duenez; gertatutakoa ikertzen jarraituko dute. Suhiltzaileek sua kontrolatu, eta arratsaldeko hiruretarako jada itzali dute.