Lan eta bizi baldintzak erabakitzeko eskubidearen alde eta pentsio eta hitzarmen kolektiboaren erreformen kontra eginez, manifestazioa egin dute Madrilen euskal gehiengo sindikalak, CIG Galiziako sindikatuak eta Katalunia eta Kanaria uharteetakoek. Egun historikoa da gaurkoa, euskal sindikatuek Espainiako hiriburuan egin duten lehen protesta izan baita. "Konplexurik gabe" egon dira Madrilen, BERRIA.INFOri esan diotenez. Manifestazioko oihuen artean, euskaraz: independentzia eta borroka da bide bakarra.
Miro plazatik hasi eta Espainiako Gobernuko Lan Ministeriora bitarteko ibilbidea egin dute manifestazioan lau mila lagun inguruk. Gaiteroek bi pieza jo dituzte martxaren bukaeran, eta, hurrenez hurren, LABeko, CIGeko eta ELAko idazkari nagusiek hartu dute hitza. Negoziazio kolektiboa langileen eskubideen alde egiteko nahi dutela esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Haren arabera, CCOOk eta UGTk hori euren "monopolio sindikala handitzeko" nahi dute.
Txalaparta joz eta Internazionala abestuz amaitu da ekitaldia.
Txantxak bidaian
11:00etan heldu da Madrilera Euskal Herriko ordezkaritza. ELAren 39 autobus eta LABen hemezortzi etorri dira. Goiz jaiki dira sindikatuetako ordezkariak; Donostiako hiru autobusak, esaterako, 04:30ean atera dira. 09:30ean egin dute azken geldialdia.
Bidaiaren lehen orduak lo pasatu dituzte autobusetako bidaiariek. Gero, ordea, umorerik ez da falta izan autobusetan, eta elkarri txantxak eginez eta abestuz aritu dira. Galiziarren azentua imitatu dute batzuek, eta hurrengo manifestazioa Kanaria uharteetan antolatzeko eskatu duenik ere izan da. Madrilera "konplexurik gabe" etorri direla diote sindikatuetako ordezkariek. "Formatu politeko" protesta iruditu zaie, Euskal Herriko sindikatuekin batera Galiziako, Kataluniako eta Kanarietakoek hartu dutelako parte.
"Norbaitek hasi behar du mugimendu hau"
"Espainiako Gobernuak ikusi behar du Espainia handiaren barruan jende asko dagoela", esan du ordezkari sindikal batek autobusean. "Norbaitek hasi behar du mugimendu hau, eta gu horretarako beti gaude prest; ea besteek ere ikasten duten", gaineratu du beste batek. "Ez dakit zerbait lortuko dugun, baina sobran, behintzat, ez dago bidaia hau", hirugarrenak.
Negoziazio kolektiboaren erreforma da gaur salatu nahi duten kontu nagusietako bat. Esaten dute asko dagoela jokoan, hura onartuz gero euskal langileen baldintzak asko okertzeko arriskua dagoelako. Uste dute CCOOk eta UGTk sinatu egingo dutela erreforma, "monopolio sindikala" nahi dutelako. Metaleko adibidea aipatu du batek. "Metala da sektore bakarra probintzia guztietan hitzarmena duena. Ez dago estatu mailakoaren beharrik. Udaran, ordea, mahaia osatu zen hori negoziatzeko. Zertarako? CCOOk eta UGTk esan zuten denak ezberdinak direla eta bat egin behar zela denentzat, Orduan, euskaldunek 22.000 eurotik 18.000ra jaitsi behar dugu soldata? Beraiek bakarrik nahi dute negoziatu, zaila egiten zaielako onartzea euskaldunok baldintza hobeak ditugula".
Erreforma gerarazteko itxaropenik ba al duten galdetuta, "bueno" erantzun dute. "Lege aldetik, agian, ez dugu ezer lortuko, baina euskal sindikalismoak asmatuko du egoerari buelta ematen. Dakigun bezala borrokatuko gara, koordinatuta; gogoa badugu, antolatzen bagara eta egiten dugunean sinesten badugu, lortuko dugu zerbait", esan dute.
Manifestazioa hasi aurreko bideoa (BerriaTB)