Sozialisten helegiteek ez dute lortu Frantziako erretreta sistemaren erreforma bertan behera uztea, Konstituzio Batzordeak ontzat jo baitu aldaketaren testua. Ondorioz, erreforma indarrean sartuko da Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak testua sinatzen duenean. Gaur bertan egin dezake.
Erreformak bi neurri nagusi ditu: alde batetik, erretiroa hartzeko adin ofiziala 60 urtetik 62ra atzeratzea; bestetik, 65 urtetik 67ra luzatzea beharrezko urteak kotizatzen ez dituztenek pentsio osoa jaso ahal izateko.
Sozialisten arabera, erretreta sistemaren erreformak gizon eta emakumeen arteko berdintasun printzipioak urratu ditu, emakumeen lan bizitza gorabeheratsuagoa denez pentsioa jasotzeko urte gehiago itxaron beharko dutelako. Konstituzio Batzordeak ezetz esan du.
Erreforma onartzeko prozeduran, Bernard Accoyer Asanblea Nazionaleko presidenteak bertan behera utzi zituen diputatuek botoei buruz ematen zituzten azalpenak, sozialistak prozedura luzatzen saiatzen ari zirela uste zuelako. Sozialistek arrazoi hori ere erabili zuten erreforma bertan behera uzteko eskatzeko. Konstituzio Batzordeak erantzun du ezetz, Accoyerrek ez zuela urratu «parlamentuko eztabaidaren argitasun eta zintzotasun printzipiorik».
Konstituzio Batzordeak bertan behera utzi ditu lan osasunari buruzko hamahiru artikuluak, uste baitu ez dutela zerikusirik erreformaren jatorrizko testuarekin.
Protesta eguna hilaren 23an
Intersindikalean jarraitzen duten bost sindikatuek (CGT, CFDT, FSU, Solidaires eta UNSA) herritarrak protesta egitera deitu dituzte hilaren 23an. Bederatzigarren protesta eguna izango da. Dena den, ez dute zehaztu zer nolako mobilizazioak egingo dituzten. Eskualde bakoitzeko ordezkaritzen eta erakunde profesionalen esku utzi dute mobilizazioei buruzko erabakia. Azken protestek, iragan larunbatean, aurrekoek baino jende gutxiago bildu zuten.
Konstituzio Batzordeak onartu du erretreta erreforma
Nicolas Sarkozyk sinatzea falta da indarrean sartzeko eta erretiro adina 60 urtetik 62ra atzeratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu