Konstituzionalak gaur bertan azter dezake Raxoi gobernuak mahairatutako eskuduntzen auzia tramiterako onartu ala ez. Gaur hasiko da osoko bilkura, eta haren eguneko eztabaidagaien zerrendan dago auzia. Hiru egunetarako deitu dute; beraz, beranduenera, ostegunean jakingo da auzitegiaren erabakia. Tramiterako onartuko balu, ez litzateke baztertu beharko aparteko saria bertan behera uzteko agindua ematea, behin-behineko neurri gisa.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat azkar har dezan nahi du PPren gobernuak. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearen ustez, jarduneko Jaurlaritzak agindua eman eta gero, Konstituzionalak ezingo luke bertan behera utzi neurri hori. Dirua funtzionarioen kontu korronteetara iristen bada ez dagoela atzerako bueltarik, alegia. Horregatik espero da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur edo bihar erabakitzea behin behineko neurriaren inguruan, Lopezen arabera emanda dagoen erabakia gauzatu aurretik.
Langile publikoei Gabonetako lansaria ez ordaintzeko agindu zuen Espainiako Gobernuak, baina Madrili ez ziola jaramon egingo eta ordaindu egingo zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak azaro amaieran. Erabaki hori Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Mariano Raxoiren gobernuak, eskumen gatazka argitzeko. Atzo eman zuen Jaurlaritzak ordainketa egiteko agindua, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak Radio Euskadin iragarri zuenez.