Negoziazio kolektiboaren aurkako erasotzat jo dute sindikatuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lan erreformaren puntu batzuk ontzat hartu dituen ebazpena. Nafarroako Parlamentuak aurkeztutako helegitea atzera bota zuen, horrenbestez, Konstituzionalak.
Ebazpena ez da sekulako ustekabea izan, jakinda epaitegi horretako kide gehienak PPk hor jarritakoak direla eta alderdi hark prestatu zuela erreforma. «Gobernuaren zerbitzurako organoa» da auzitegi hori, "eta karta zuria ematen dio Espainiako Gobernuak erabakitzen duen guztiari", Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak Bilbon esan duenez.
Bereziki salagarria iruditu zaio ELAri lan itunak ez betetzeko eskubidea izatea enpresek, eta horri buruz sindikatuekin akordioa ez dagoenean arbitrajea derrigorrezkoa izatea. Horrek "bi aldeen negoziatzeko borondatea ezerezean uzten du". Horregatik, ELAk nabarmendu du garrantzitsua dela itunetan finkatzea hitzarmena ez betetzeko erabakiak soilik sindikatuen adostasunarekin egin daitezkeela. Villarrealek zehaztu zuenez, hori egin du ELAk orain arte azkenaldian izenpetu dituen lan hitzarmenetan.
Euskadiko CCOOk ere derrigorrezko arbitrajearen aurka egin du. "Frankismoaren garaiko" neurria iruditzen zaio, administrazioaren esku uzten duelako arbitrajea erabakitzea. Enpresetako itunei lehentasuna emateak "sindikatuen askatasuna" bortxatzen duela uste du, "negoziazio kolektiboa trabatzen" duen heinean. Horiek guztiak ikusita, CCOOk iragarri du Europako auzitegietara joko duela.