Badirudi hainbat akziorekin estraperloan ibili ostean, kontrabankuan hasi direla hainbat hedge fund edo inbertsio funts espekulatibo; Espainiako bankuen akzioak jaitsi egingo diren apustuak ugaldu egin dira, eta, horrekin, salmentak eta, ondorioz, jaitsiera nabarmenak finantza sektorean. Ibex-35 (-%2,87) indizeak agur esan dio 8.000 puntuen mugari, eta 2004tik ikusi gabeko mailara jaitsi da. Iberdrolak (+%2,59) aurreko urtean baino %21,5 gehiago irabazi zuen iaz, eta, jakina, argia da ezkutuko kontrabandoaren etsai nagusia: Popularrek %8,7 galdu zuen; Banestok eta BBVAk, %7na pasa, eta Santanderrek, %6,74. Finantza arazoena ez da, ordea, Espainiako ezaugarri endemikoa. AEBetan ere Wall Streetek behera egin zuen, eta mugalariak jausten diren gisan, erreskan amildu dira indize ezberdinak. Aktiboen balioaren gaineko zalantzak arras handiak dira, eta, atzo, Edurnezuri (-%1,61) bera ere kolpatua izan zen. 2.198 milioiren salerosketa.
Iberdrola. Burtsan duen balioaren arabera, kapitalizazioan, Iberdrola (+%2,59) da Euskal Herriko enpresa handi edo baliotsuena. BBVArekin (-%7,07) zuen alde txikia, %10 ingurura handitu zuen atzo, 2008an 2.860 milioi irabazi zituela jakinarazi ostean. Gakoa, baina, ez dago iazko mozkinen zenbatekoan -bankuak ia bikoitza irabazi baitzuen-, datozen urteetako mozkinetan baizik. Gardoki kalekoek 2009an iaz beste irabaztea aurreikusi dute, eta dibidendua %20 handitu dute gainera. San Nikolas plazakoentzat guztiz bestelakoak dira aurreikuspenak.
Kontrabankuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu