Europako zuzenbidearen aurka ari da Espainiako Estatua kontratu partziala eduki dutenen langabezia saria kalkulatzen duenean. Kontratu partzial bertikalekin dago arazoa. Kontratu horiekin beharrean daudenak asteko egun jakinetan aritzen dira soilik, eta Estatuko Lan Zerbitzu Publikoak (SEPE) bakarrik lan egindako egunak hartzen ditu kontuan laguntza kalkulatzean, ez zenbat urtez aritu den pertsona hori beharrean. Bada, "mota horretako kontratuarekin aritzen diren langile gehienak emakumezkoak direnez, haien aurkako tratu baztertzailea dago", Luxenburgoren arabera.
Bartzelonako garbitzaile baten kasua izan da Europako epaitegira iritsi dena. Hamabi urte eta erdiz aritu zen lanean, kontratuan etenik eduki gabe. Hura bukatzean, langabezia saria eskatu zuen, eta SEPEk 420 eguneko langabezia saria eman zion, kontratua eten eta aurreko sei urte osoak aintzat hartu gabe, bakarrik lan egindako egunekin egin zuelako kalkulua. Emakumeak uste du 720 eguneko prestazioa izateko eskubidea duela, eta Bartzelonako epaitegi batean salaketa jarri zuen.
Epaitegi horrek Europara jo zuen, jakiteko Espainiako gizarte segurantzaren lege zehatz hori bat ote datorren emakume eta gizonen arteko tratu berdintasunaren Europako arauarekin. Bada, Luxenburgok erantzun du: Batasunaren legediak ez du onartzen soilik kontratu partzial bertikalen kasuan langabezia sariaren kalkuluan salbuespena egitea, alegia, bakarrik lan egindako egunak zenbatzea. Bazterketa argi bat dagoela dio auzitegiak, "frogatutzat jotzen delako kontratu partzial bertikalarekin aritzen diren langile gehienak emakumeak direla".