Kontserbadoreen aurkako lehen greba Portugalen

Lanaldia kosturik gabe luzatu nahi du Lisboak, eta aparteko sariak kendu langile publikoei eta pentsiodunei

Erredakzioa
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
CGTP sindikatu komunistak eta UGT sozialistak deituta, milioika lagunek Portugalgo Gobernuaren neurritasun neurrien aurkako greba egin zuten atzo. Deialdiak oihartzun handia izan zuen sektore publikoan eta lantegi handi batzuetan, baina apalagoa merkataritzan eta sektore pribatuan.

Hirugarren greba orokorra zen atzokoa diktadura 1974an amaitu zenetik eta bigarrena krisia hasi eta gobernuek gastua murrizteko neurri gogorrak hartzeari ekin ziotenetik. Aurrekoa duela urtebete izan zen, artean Jose Socrates sozialista agintean zela. Ekainaz geroztik, Pedro Passos Coelho kontserbadorea buru duen koalizio gobernua dago.

Passos Coelhok jarraitu egin du Socratesek hasitako murrizketen bidea, defizita murriztu beharra baitu Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren78.000 milioi euroko erreskatearen dirua jaso nahi badu.

Protestak protesta, neurritasunari eutsiko diola ziurtatu du Passos Coelhok. 2012ko aurrekontuek diote langile publiko eta pentsiodun gehienek udako eta Gabonetako aparteko sariak galduko dituztela eta enpresek lanaldia 30 minutuz handitu ahal izango dutela langileei gehiago pagatu gabe. Zerbitzu publikoetan murrizketak izango dira, eta zerga gehientsuenak igoko dituzte. Espero da aurrekontuak datorren astean onartzea.

Sindikatuen arabera, grebak duela urtebetekoak baino arrakasta handiagoa izan du, eta orduan lautik hiruk ez zuten lanik egin, haien datuen arabera. Gobernuak, berriz, ez zuen sektore pribatuari buruz hitz egin nahi izan, eta langile publiko gehientsuenak beharrean egon zirela ziurtatu du. Garraio publikoan oihartzun zabala izan zuen grebak, eta portuak eta aireportuak ia itxita izan ziren. Erietxeetan langileen %90k protestarekin bat egin zutela diote sindikatuek, eta eskola asko itxita izan zirela. Portugalgo lantegi handiena, Volkswagenena, geratuta izan zen, eta hala izan haren ingurukoak ere. Denda gehienak eta ostalaritzak, oro har, zabalik izan ziren.

Kalean ez ezik, bulegoetan ere berri txarrak jaso zituen Lisboako gobernuak. Fitch agentziak beste maila bat jaitsi zuen Portugalen zorraren kalifikazioa: dagoeneko BB+ da, hau da, bonu zabor bat. Edonola ere, Fitchek txalotu egin du Passos Coelhoren politika, eta defizita murrizteko gai izango dela uste du.

Belgika eta Errumania

Belgikan, berriz, gobernua osatu ezinik jarraitzen dute 2010eko ekainaz geroztik, eta horrek defizita murrizteko hainbat erabaki atzeratu ditu. Alta, azken saioek huts egin dutenez, eta arrisku saria dagoeneko 350 puntura heldu denez, zerbait egitea erabaki du jarduneko gobernuak. Datorren urtean defizita BPGaren %2,8an uzteko 11.000 milioi gehiago bildu edo aurreztu behar ditu. Horretarako, bankuen, energia konpainien eta botika enpresen gaineko zerga berezia sortuko du.

Eurogunetik kanpo, Errumaniako Gobernuak iragarri du datorren urtean 300.000 lanpostu kenduko dituela sektore publikoan. 2009az geroztik NDFren dirua jasotzen ari da Errumania, eta ordutik hona 185.000 funtzionario postu kendu ditu, soldatak %25 jaitsi die, eta BEZa %19tik %24ra igo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.