Kontsumobidek dio ekarpenen informazioa ez zela ona

Iker Aranburu.
2013ko maiatzaren 22a
13:18
Entzun

Eroskik eta Fagorrek ez zuten argi eta garbi azaldu bere finantza ekarpenak betiereko produktuak zirela. Hori esan du Belen Greaves Kontsumobideko zuzendariak, bi kooperatibek ekarpen  horiei buruz emandako esku-orri informatiboak aztertu ondoren. Esku-orrien artean hainbat desberdintasun daude, baina Greavesen arabera, badute ezaugarri bat: "Zaila da gutxi gora behera informaturik dagoen pertsona batek horiek irakurrita ulertzea betiereko produktu bat dela". Eroskik eta Fagorrek ziurtatu dute produktua legezkoa dela eta informazio egokia eman zutela haiei buruz.

Eusko Jaurlaritzaren kontsumo artekaritzarako bulegoak ekarpen horiei buruzko 414 salaketa jaso ditu oraingoz, eta horietatik 277 aztertu ditu. Salatzaile guztiek diote ez zekitela ekarpenak mugarik gabeko finantza produktu bat zela, eta ezingo zutela jarritako dirua nahi zutenean berreskuratu. Are gehiago, bostetik lauk esan dute bankuetan ez zizkietela Fagorrek eta Eroskik beren ekarpenak azaltzeko egindako esku-orri informatiboak jaso. Ahozko informazioa jaso zuten eta onartu zuten, finantza erakundeekiko "konfiantza harremanaren" ondorioz,  

Greaves damututa azaldu da Vocento taldeari auziari buruzko elkarrizketa bat eman izanagatik: "Ez zen elkarrizketa emateko unea edo lekua. Inoiz ez nuen jendaurrean auzi horri buruz hitz egin behar izan". Kontsumobideren bitartekaritza bukatu bitartean ez duela gehiago esango gaineratu du. Edonola ere, ez du hor esandakoa atzera bota, hots, Eroskik eta Fagorrek "zuzen" jokatu zutela. Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak babesa eman dio Greavesi, eta haren gaitasuna nabarmendu du. Oposizioko taldeek, kontrara, oso bestelako balorazioa egin dute. Igor Lopez de Munainek (EH Bildu) ez da pozik azaldu Greavesek emandako azalpenekin —"ihes egiteko tekniken ikasgaia" ematea leporatu dio— eta "prepotentziaz" eta partzialtasunez jokatzea egotzi dio. Txaro Sarasua sozialistak ere uste du Greavesek bere jarrera azaltzeko aukera galdu duela, eta hura gaitzesteko eskaerari eutsiko dio. Urrunago joan da UPDko Gorka Maneiro, Kontsumobideko zuzendariaren dimisioa eskatu baitu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.