Eroski eta Fagorren ekarpenak

Kontsumobidek Eroskiren ekarpenak aztertzea adostu dute EAJk eta EH Bilduk Legebiltzarrean

Eroskik "poza" azaldu du, Kontsumubiderekin "elkar lanean", jaulkipena azaltzeko aukera izango duelako. Adicae kaltetuen elkarteak dio auziaren irtenbidea produktuak saldu zituzten bankuen esku utzi dela.

xabier martin
2013ko otsailaren 28a
19:54
Entzun

Eroski eta Fagorren menpeko ekarpenen auzia Eusko Legebiltzarrera iritsi da gaur, UPDk osoko bilkurara eramandako legez besteko proposamen baten bidez. Eroski eta Fagorren zorra erosi zutenei "bere dirua %100ean itzultzeko" eskatu du alderdi horrek, Kaltetuak eta Adicae elkarteen ahotsa bere eginez. Haatik, EAJk eta EH Bilbuk beste irtenbide bat adostu dute: auzia Kontsumobide Euskal Kontsumo Institutuaren esku uztea.

Erakunde horrek ekarpenen jaulkipena eta salmenta prozesua nola egin zen aztertuko du, horren bestez. Produktu finantzieroaren gainean "eskainitako informazioak eroslea nahastu ote zuen eta iruzurgiletzat jo daitekeen" deliberatu beharko du. Halaber, "aldeen proposamenak kontuan hartuta, inbertitutako dirua itzultzeko egin diren eskaerei irtenbidea ematea" eskatu dio Legebiltzarrak Euskal Kontsumo Institutuari. EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da proposamena. PSE-EEk aurka bozkatu du; eta PPk eta UPDk abstentziora jo dute.

Eroskik eta Fagorrek hazkunde ekonomikoaren aroan (2002tik 2007ra) jaulki zituzten orain eztabaidagai diren menpeko ekarpenak. Ez dira lehentasunezko parte hartzeak, baina haien antza dute. Haiekin gertatu den bezala, informazioan dago gakoa erosi zituztenei iruzur egin ote zitzaien edo ez zehazteko; eman den edo eman ez den informazioa izango da Kontsumubidek baliatuko duen tresna auzia argitzeko, baita informazio hori ulertzeko bezeroen gaitasun maila ere.

Eroski eta Fagorren ekarpenen bidez "bankuek lapurtu" egin dietela salatu dute Kaltetuak elkartekoek, eta Mondragon taldea jarri dute miran, "kaltetu gehienak Euskadiko Kutxaren bidez erosi zituztelako ekarpena". Alabaina, Santander eta BBVA bakuek egin zituzten Eroski-Fagorren ekarpenen operazio gehienak. Eroskiren ekarpenen %44 BBVAk saldu zituen, eta Santanderrek Fagorren produktuaren %57. Ekarpen guztien %27 baino ez zituen saldu Euskadiko Kutxak; %21 baino ez Eroski eta Fagorren bazkideen artean hartu zituztenak kontuan hartuz. Gainontzeko denak beste hainbat bankuk saldu zituzten.

Eroskik "poza" azaldu du prentsari igorritako ohar batean, Eusko Legebiltzarraren erabakia dela eta, Kontsumobiderekin "elkar lanean" jaulkipenen prozesua nola egin zen azaltzeko aukera izango duelako. "Jaulkitzaile gisa dugun erantzukizuna beteko dugu", dio Eroskik. Baita menpeko produktuak ez zituela Eroskik saldu ere. "Ez ditu merkaturatu, ezin du horrelakorik egin". Are gehiago, jaulkipenak "legedia bete" duela une oro, eta "Eroskik urteko interesak ordaintzeko konpromisoa" zorrotz bete duela dio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.