Kontu Auzitegiaren txostena

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
1Zero defizita. Frantziako Kontu Auzitegiak bat egin du defizit publikoa murrizteko politikarekin. «Kontu publikoak orekara itzultzea hemendik 2016-17ra gure herrialdearen sinesgarritasunaren oinarrizko elementua da», ziurtatu du. Aurreko gobernuak agindu zion Europako Batasunari 2017rako defizita ezabatuko zuela, lehen aldiz 1974az geroztik. Oraingoak ere konpromiso horri eutsi dio, eta gogorarazi du zorraren finantzaketa dela jadanik aurrekontuaren atal nagusia.

2Aurtengo helburua. Iaz %5,2ko defizita izan zuen Frantziak, eta aurten %4,4ra jaisteko asmoarekin dago gobernu berria ere. Helburu hori lortzeko, gutxienez 6.000 milioi eta gehienez 10.000 milioi aurkitu beharko ditu estatuak, kontuak oso aurreikuspen eskuzabalekin egin zirelako eta zerga bilketa uste baino motelago doalako. Desbideratze horretatik 1.200 eta 2.000 milioi artean dagozkio François Fillonen gobernuak aurrekontuetan izan gabe gastatu zuen diruari. Horietatik 450 milioi dagozkio RSA gizarteratzeko errentaren jasotzaileek Gabonetan jaso zuten ezohiko ordainketari. Aurreko gobernuek egiten zutenaren tamainako desbideratzea da, Kontu Auzitegiaren arabera.

3BEZaren igoera. Aurtengo zuloaren zati bat bihar iragarriko duen zerga igoerarekin estaltzea espero du Parisko gobernuak, baina 2013rako erabaki gogorragoak hartu beharko ditu. Kontu Auzitegiak uste du 33.000 milioiko doikuntzak egin beharko direla —ekonomia %1 handitzen bada— eta 38.500 milioikoak %0,5ean geratzen bada. Frantziak euroan sartzeko egin zuenaren antzeko ahalegina, auzitegiak aipatu duenez. Gauzak horrela, BEZ eta CSG zergen igoera saihestea «oso zaila» izango dela ohartarazi du Kontu Auzitegiak. Funtzionarioen kopuruari eutsi nahi bazaio haien soldatak izoztu beharko direla uste du, eta pentsioak eta familia laguntzak ere KPI azpitik igotzea proposatu du.

4Europaren zigorrak. Gauzak okertzeko, EBko Justizia Gorteak isun handiak jarri dizkio Frantziari zerga kontuetan hartutako erabakien ondorioz: 5.000 milioi 2013an pagatu beharko ditu eta 1.750 milioi 2014an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.