Patxi Lopez lehendakariak ziurtatu du bozak aurreratzeko erabakiaren atzean ez dagoela inolako arrazoi ekonomikorik. Uztaila arte foru ogasunen zerga bilketan izandako erorketak ere ez duela zerikusirik izan agindu du. Haatik, datorren urterako aurrekontu proiektua orekatzeko eta aurrera ateratzeko zailtasunek gobernuan segitzeko aukera estutu diote, nabarmen.
Propio aitortu zituen arazoak Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, joan den maiatzaren 28an Legebiltzarrean zerga sistemari buruz egindako osoko bilkuran. «Datorren urterako beharko den doikuntza soilik gastuak jaitsita lortzea ia ezinezkoa da», ohartarazi zuen Agirrek, eta aurrekontuak orekatzeko zergak igotzea ezinbestekoa zela ohartarazi zuen. Espainiako Gobernuak BEZa igotzeko hartu duen erabakia alde batera utzita, foru aldundietan ez dago inolako aldaketa fiskalik martxan.
Zerga bilketaren jaitsierak egoera iluna iradokitzen du. Aurrekontuak prestatzen ari ziren garaian, aurten 12.116 milioi euro bildukozituztela kalkulatu zuten Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Iazko emaitzarekin alderatuz, aurten bilketak %5,5 handiagoa beharko zuen helburua lortzeko. Uztaila arte, ordea, iaz baino %2,4 gutxiago bildu da. Urte amaieran antzeko jaitsiera gertatuz gero, ogasunek espero baino 911 milioi gutxiago eskuratuko dituzte. Diru horretatik 637 milioi Jaurlaritzari dagozkio.
Bilketak izan duen martxa eskasak ez ditu oharkabean harrapatu erakundeak. Orain dela hilabete batzuk berriro bildu, eta, badaezpada, bilketa espero zen baino %6 txikiagoa balitz bezala aritzea adostu zuten Jaurlaritzak eta foru gobernuek. Alegia, gutxienez %6 gutxiago gastatzea. Azken hilabeteotan erakunde bakoitzak murrizketak ezarri edo inbertsioak atzeratu izan ditu, urterako diru baliabide urriagoak izanik ere kontuak orekatzeko.
Arazoa heldu den urterako aurrekontuak prestatzea da. Atzeraldian egonda, datorren urtean zerga bidez aurten baino askoz diru gehiago bilduko dela pentsatzea ez da espero izatekoa, zeharkako zergen igoerak zer eragin izango duen aurreikustea zaila bada ere. Diru baliabide gehiagorik gabe, aurten zeharka egindako gastu jaitsiera guztiak aurrekontu proiektuan zehaztu eta argitaratu behar zituen Jaurlaritzak. Diru hori nondik kenduko zen aldez aurretik jakinarazi behar zuen Lopezen gobernuak.
Horrekin batera, diru sarrera gehiagoren faltak 2012rako onartu ziren murrizketei buelta ematea zailago bihurtu du. Gizarte laguntza nagusiak %7 jaitsi zituen Jaurlaritzak —besteak beste, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta—, eta antzeko mozketa egin zuen beste diru laguntzetan. Murrizketa mingarriak aldi baterako izango zirela iragarri zuen gobernuak, eta horiei eutsi beharra azaltzen ez zuen erraz izango.
Egoera ikusita, 2013. urterako aurrekontuetan «doikuntza argiak» beharko zirela onartu izan du behin eta berriro Agirre sailburuak azken asteotan. Kontu publikoetan murrizketa garbiak iragarri behar izatearen higadura nabarituko zuen Lopezek, bozak aurreratu gabe agintaldia amaitu nahi izan balu, PPk Espainiako Gobernutik ezarritako murrizketei aurre egitea azken hilabeteotako mezu eta estrategia nagusi bihurtu dituela kontuan hartuta.
Estrategia horrek leherrarazi zuen PSEk eta PPk Lopez Lehendakaritzara eramateko lortu zuten ituna. Maiatzean bizkarra eman zioten popularrek, eta horrek agintaldiaren amaiera azkartu du. Denbora apur bat irabazteko aurrekontu gogor batzuk aurkeztu eta EAJren edo PPren babesa lortzen saiatzea oso erronka zaila zen sozialistentzat, eta etekinak ere, zalantzazkoak.
Montororen 'oparia'
Diru sarreren jaitsiera ez da aurrekontuak prestatzeko izango den buruhauste bakarra. Espainiako Gobernuak orain dela gutxi ezarri dizkie erkidegoei heldu den urterako defizit helburua. Foro propioetan bestelako negoziaziorik egiten ez badute, beste guztiei jarritako muga bera izango dute EAEk eta Nafarroak: barne produktu gordinaren %0,7. 2012. urterako baimenduta zegoen helburua baino %0,8 gutxiago da. Zenbaki borobiletan, Cristobal Montororen opariak esan nahi du hauteskundeetatik ateratzen den Jaurlaritzak gastua beste 466 milioi euro jaitsi beharko duela, Madrilek ezarritako helmuga gainditu nahi ez badu, behintzat.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ekonomiaren garrantzia
Kontuek estututa
Lopezek ziurtatu du bozak aurreratzeko arrazoiak ez direla ekonomikoak, baina aurrekontua onartzea oso erronka zaila zenEspainiak ezarritako defizit muga betetzeko, 466 milioi murriztu beharko dira 2013an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu