ekoNOMIA

Kontzertu ekonomikoa blindatzeko lege proposamenaren alde bozkatuko du Espainiako Kongresuak

PPk ez duela aldeko botoa emango iragarri du, blindaje ekonomikoa babestea "EAJren aurrekontuei babesa ematearekin lotu" dutelako. Eusko Legebiltzarrak ekainean egin zuen eskaera berriro.

2009ko urriaren 13a
18:36
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ekainean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoa blindatzeko eskatu zuen, eta gaur Espainiako Kongresuan PPk ez duela aldeko botoa emango iragarri du. Arturo Garcia Tizon PPko diputatuaren ustez, blindaje ekonomikoa babestea "EAJren aurrekontuei babesa ematearekin lotu dute". EAEko PP kontzertu ekonomikoa blindatzearen aldeko agertu da. Horregatik gaurko bozketaren unean, EAEko PPko hiru kideek kongresua utziko dutela jakinarazi dute PPren erabakiarekin bat ez datozelako.

Legebiltzarraren izenean EAJk (Ricardo Gatzagaetxeberria), PSE-EEk (Miren Gallastegi) eta PPk (Antonio Danborenea) defenditu dute eskaera Kongresuan. Danboreneak gaur esan du "konforme" leudekeela PP abstenituko balitz.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Botere Judizialaren legeetan aldaketak egiteko azken erabakia Espainiako Gorteen esku dago, Kongresuaren eta Senatuaren eskumena delako Lege Organikoak aldatzea.

EAJk ultimatuma eman dio Espainiako Gobernuari. Hau da, honek EAJrekin Espainiako 2010eko aurrekontu orokorrak negoziatu nahi baditu, hilaren 16a baino lehen idatzizko konpromisoa hartu beharko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoa blindatzeko, Eusko Legebiltzarrak onartutako baldintza berberetan. Bestela, ez dute aurrekontuez negoziaziorik izanen.

Iazko eta aurtengo ekaineko eskaerak

Hain zuzen, foru arauak blindatzeko asmoz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Botere Judizialaren Lege Organikoak moldatzeko eskatu zuen berriro Eusko Legebiltzarrak, ekainaren 12ko bilkuran EAJren ekimenez. 2007ko ekainaren 27an onartu zuen eskaera hori aurretik.

Foru arauen babesa handitzea eskatzen dute. Hala, haien aurkako helegiteak soilik Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkez daitezen eta horien legezkotasunari buruz auzitegi horrek bakarrik erabaki ahal izatea galdegiten du. Izan ere, foru arauak ez dira legeak, eta, ondorioz, edozein pertsona fisikok edo juridikok gertuko auzitegira jo dezake aurkako helegitea jartzeko. Horren erakusle da 1990. eta 2000. urteen bitartean 75 salaketa baino gehiago egon zirela arauen aurka. Legeen aurka, ordea, soilik Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera du bere burua kalteturik ikusi duen pertsonak edo erakundeak. Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartzen diren arauek epaitegietan lege izaera izatea eskatu du Eusko Legebiltzarrak onartutako ebazpenaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.