Bost zerga berriren baldintzak eta kudeaketa zehaztuko dituzte kontzertuaren erreforman. Jaurlaritzak ez du zehaztu zer akordio lortu duten, baina Vocento taldeak aurreratu duenez, jokoei eta elektrizitatearen sorrerari nahiz erregai nuklearren ekoizpenari ezarritako zergen kontzertua adostu dute bi gobernuek.
Rikardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak baieztatu du aurreakordio bat badela bi gobernuen artean; azaldu du "hurbil" dagoela akordioa, baina ez du xehetasun gehiagorik eman "zuhurtziaz" jokatzeko. Jakinarazi du aldundien eta Jaurlaritzaren artean "itxi beharreko kontuak" daudela.
Gaur dute bilera aldundiek eta Jaurlaritzak, Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak Euskadi Irratian jakinarazi duenez. Haserre azaldu da Franco, ez zuela-eta akordioaren berri. Gaineratu du ez dela "batere serioa" bilera gaur egin eta gaur bertan hedabideen bidez izatea akordioaren berri.
Lotu dutena baino garrantzitsuagoa da lotu ez dutena. Izan ere, bi gobernuak ez dira ados jartzen kupoaren likidazioari buruz, eta ordainketa guztietan elkarri deskontatzen diote diru kopuru bat. Gaur egun 1.000 milioi euroren jabearen buruzko desadostasunak daude.