Ohikoa, beste behin. Beste goi bilera erabakigarri bat euroa eta Europako Batasuna salbatzeko; baina beste goi bilera bat agintariak beraiek hauspotutako aurreikuspenak husten. Beste biharamun bat, beraz, merkatuen mende.
Lerro hauek idazteko orduan Europako Batasuneko eta euroguneko agintariek ez zituzten atzoko goi bileraren ondorioak jakinarazi. Goizalderako espero ziren. Lehen bilera bukatu osteanadierazpenak egin zituzten agintariek esan zuten akordio politikoa lortuko zela, baina «zehaztasun teknikoak» geratuko zirela hitzartzeko. Oraindikaskatzeko dauden korapilo nagusiak, hain zuzen,zehaztasunei, zenbakiei, dagozkie: Greziaren zorraren hartzekodun pribatuek zenbateko galera onartuko duten, esaterako. Kopuru horren araberakoa izango da bankuen kapitalizazio premia eta EFSF funtsari geratuko zaion dirua herrialdeei bestelako laguntzak emateko.
Europak nahi du hartzekodunek %50-60 inguruko galera onartzea, Greziaren zor publikoa barne produktu gordinaren %145etik %120ra txikitzeko, 2020an.
Atzo jakinarazitako zehaztasun bakanetakoa bankuen kapitalizazioari buruzkoa izan zen. Europako Batasuneko banku nagusiek 2012ko ekainaren 30erako lortu beharko dute %9ko core kapitala, hau da, kalitate goreneko aktiboen portzentajea (uztaileko estres testetan %5ekoa eskatu zuten). Irailaren 30eko balantzeak hartuko dituzte abiapuntutzat.
%9ra iristeko dirua behar duten bankuei mugatu egingo dizkiete akziodunentzako sariak eta langileentzako gainsariak, muga horretara iritsi arte. Ideia ez da berria. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak aipatu zuen duela zenbait aste, eta finantza erakundeek aurre egin zioten.
Greziak ezin du bere zorra ordaindu, eta beste zenbait herrialderen zor publikoa arriskutsua bihurtu da (Irlanda, Portugal, Italia eta Espainia). Zor horrek balioa galtzeak zuloa eragin dezake Europako banku nagusietan, eta horretarako biltegia gehiago betetzea nahi du: %9ko oinarrizko kapitala eskatuko die, herrialdeen zorrari merkatuko balioa eman eta gero.
Eskaerak, momentuz, BBVAri eragingo dio. Ikusteko dago KutxaBanki, Banca Civicari eta Hego Euskal Herriko gainerako finantza erakundeei ere baldintza zorrotzagoak eskatuko dizkieten.
Aktibo onak, zehazteko
Europako Batasuneko agintariek, baina, ez dute zehaztu ze motatako aktiboak sartuko diren kalitate gorenekoen barruan. Mario Fernandez BBK-ko presidentea, esaterako, haserre dago orain arteko estres testetan ez dituztelako kalitate goreneko aktibotzat hartu probisio generikoak, hau da, Espainian lan egiten duten finantza erakundeek krisiei aurre egiteko gorde behar izaten duten dirua. «Onartezina» iruditzen zaio Fernandezi. Akordioak ez dio ezer akzio bihurtutako zorrari buruz ere.
Herrialde bakoitzak erabakiko du bankuen kapitalizazioa nola egin. Europako agintariek baldintza bat jarri diete bankuei: ezingo dutela oinarrizko kapitala mailegu gutxiago emanez egin (zorra gutxituz), kapitala eskuratuz baizik. «Horrela», dio zirriborroak, «ziurtatu egin nahi dugu maileguen iturria irekita dagoela». Europako Bankuen Agintaritza (EBA) eta herrialdeetako gobernuak arduratuko dira prozesua kontrolatzeaz.
Merkatu pribatuan dirua lortu ezin duten bankuek gobernuei eskatu ahalko diote, eta gobernuen maileguak lortu ezin badituzte —gobernuak uzteko dirurik ez duelako—, EFSFra jo ahalko dute, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsera.
Eta zenbat diru beharko dute finantza erakundeek %9ko oinarrizko kapitalera iristeko? Zirriborroak ez du zehaztu. Europako Batasuneko Finantza ministroen arabera, 108.000 milioi euro.
Atzo, aurrena finantza erakundeen kapitalizazioa jorratu zuten Europako Batasuneko agintariek; gero, euroguneko agintariek Greziari barkatu beharreko zorraz eta EFSFri buruz hitz egin zuten.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo esan zuen suebakia egin behar dutelazorraren krisia herrialde gehiagotara ez zabaltzeko. Suebakia «ezinbestekoa» dela hartzekodun pribatuak prest egoteko Greziaren zorragatik zorra erosi zutenean hitzartutakoa baino diru gutxiago jasotzeko.
EFSFri buruzko zalantzak
Merkel Bundestag-aren babesarekin joan zen Bruselako bilerara. Diputatu gehienek EFSF «hobetzearen» alde egin zuten: 503 alde, 89 kontra eta 4 abstentzio. Merkelen iritziz, EFSF hobetzea «onargarria» da.
Baina zer da EFSF hobetzea? Dagoen diruarekin, diru gehiago jarri gabe —Alemaniak ez du nahi, beste batzuek ezin dute—, herrialdeen zor jaulkipen berriei bermeak eskaintzea, esaterako. EFSFk 440.000 milioi eurotik 250.000 milioi euro ditu erabilgarri. Herrialdeek zor berria jaulki eta EFSFk zor horren %25 bermatuz gero, herrialdeek bilioi bat euroren zorra jaulki ahalko lukete EFSFren babesarekin. Hala ere, ikusteko dago EFSFn zenbat diru geratuko den Greziari eta bankuei lagundu ostean.
Financial Times egunkariak jasotako ondorioen zirriborroaren arabera, euroguneko agintariek txalotu egin dituzte Espainiako Gobernuak hartutako neurriak; hutsik utzi dute, ordea, Italiari dagokion zatia. Alegia, ez dakite Silvio Berlusconi lehen ministroa txalotu edo egurtu. Berlusconik Bruslean konpromisoa hartu du azaroaren 15erako zehaztuko duela murrizketa eta hazkunde plan berria. Italiako giro politikoa gaiztotuta dago. Atzo bi diputatu borrokatu egin ziren Parlamentuan, pentsioen erreformari buruzko eztabaidan.
Korapiloa askatu ezinik
Europako Batasuneko banku nagusiek 2012ko ekainaren 30erako lortu beharko dute %9ko oinarrizko kapitalaOraindik ez dituzte zehaztu krisiari aurre egiteko neurriei buruzko kopuruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu