Merkatuak

Koronabirusak eta prezio gerrek upelaren salneurria amildu dute

Brent upela %20 inguru merkatu da, ekoizpena txikitzeko adostasunik ez dagoelako. Merkatu kuota berreskuratzeko, prezio gerra batean sartu dira Saudi Arabia eta Errusia

Australiako burtsa, gaur. BIANCA DE MARCHI / EFE
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 9a
09:16
Entzun

Koronabirusak zartatu egin du petrolioaren merkatua. Epidemia kontrolatzeko neurriek eta aire trafikoaren jaitsierak kontsumoa jaitsi dute eta, ondorioz, merkatu egin dute urre beltzaren prezioa. Une hori baliatu dute ekoizle nagusiek beren kuotak handitu eta lehiakideak merkatutik kanporatzen saiatzeko. Saudi Arabiak Errusia zigortu nahi du bere estrategia ez jarraitzeagatik, eta Errusiak aukera baliatu nahi du AEBetako fracking bidezko ekoizleak hondoratzeko. Ondorioz, Brent upela %20 inguru merkatu da gaur, jaitsierarik handiena azken 30 urteetan. Eta haren atzetik, burtsak, koronabirusak ekonomian eragin ditzakeen kalte izugarrien beldur.

Zer ari da gertatzen?

Urtarrilean, hainbat hilabetez nahiko egonkor egon ondoren, merkatzen hasi zen petrolioaren prezioa, merkatuak ohartu zirenean Txinan kontsumoa derrigorrez jaitsiko zela koronabirusaren  hedapena kontrolatzeko neurri gogorren ondorioz. Europan erreferentzia gisa baliatzen den petrolioa, Brent upela, 65 dolarretan salerostetik 55 dolarretara igaro zen, eta kareletik behera bota zituen ekoizle nagusiek azken hiru urteetan prezioari eusteko egindako ahaleginak. Abenduan, esaterako, 2,1 milioi upel kendu zituen merkatutik LPEE+ izeneko taldeak, hots, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusiak eta beste ekoizle batzuek sortutakoak.

Martxoa hasi eta epidemia Europara eta AEBetara ere hedatzen ari dela ikusita, iturria gehiago ixtea proposatu zuen LPPEk, Saudi Arabiaren gidaritzapean. Zehazki, LPEE prest zegoen milioi bat kentzeko merkatutik, baina nahi zuen Errusiak eta besteek beste milioi erdia kentzea. Moskuk, ordea, ezezkoa eman zuen.

Zergatik esan du ezetz Errusiak?

Errusiako Gobernuaren iritziz, petrolio merkea aukera on bat da azken urteetan agertu zaion lehiakide bat gainetik kentzeko: AEBetako fracking industria. Argudiatzen duenez —eta ez zaio arrazoirik falta—, 2016az geroztik LPEE+ taldeak ekoizpena kontrolatzeko neurri guztiek eragin mugatua izan dute, haiek murriztutakoa betetzen zutelako haustura hidraulikoaren bidezko putzuetatik ateratakoarekin. Haien eskutik, AEBak munduko ekoizleetan handiena bilakatu dira —12,2 milioi upel egunero, iaz—, eta inportatzaile izatetik, aurten milioi bat esportatzera igaro dira. Eta estatubatuarrek irabazitako merkatua beste batzuek galdu dute.

Lortuko al dute Errusiak AEB-etakoak itotzea?

Ez dago garbi. 2014-2016 epean ere saiatu zen LPEE estatubatuarrak merkatutik petrolio merkearekin ateratzen, baina ez zuen lortu. Hondoratu zituen enpresa batzuk, baina gehienek eutsi egin zioten, aurrerakuntza teknologikoei esker gastuak txikitzea lortu zutelako. Baina orain egoera arriskutsuagoa da AEBetako ekoizleentzat, zor handiak pilatu dituztelako —75.000 milioi dolar hurrengo lau urteetan ordaindu behar dituzte—, eta, diru asko xahutu dutenez, kostatuko zaielako finantzaketa gehiago lortzen. 50 dolarretik beherako upelarekin fracking bidezko putzu gutxi izango dira errentagarriak, baina egia da ekoizle askok prezio handiagoa bermatuta dutela finantza produktuen bidez. Hau da, ez dute bat-batean porrot egingo.

Nola erantzun dio LPEEk Errusiaren erabakiari?

LPEEz baino, Saudi Arabiaz hitz egin beharra dago, hura delako karteleko nagusia, eta ekoizpen guztia Saudi Aramco enpresa publikoaren esku duenez, nahierara joka dezakeelako bere putzuekin. Moskuren erronkari beste erronka batekin erantzun dio Saudi Arabiak, haserre ez ziolako bere bideari segitu, nahiz eta haren bizkar geratu diren azken urteotako ahalegin gehienak; iazko murrizketen %65 Saudi Arabiak egin zituen, eta Errusiak %14 baizik ez. Horrela, igandean iragarri zuen ekoizpena handitu egingo duela, eta merkeago saltzeko prest dagoela. Ondorioa? Are gehiago merkatu da petrolioa. Ostiralean, merkatuak ixtean, Brent upel batek 45 dolar balio zituen; atzo, goizean, merkatuak irekitzean, 33 dolarrera salerosi zen. Jaitsiera %25tik gorakoa zen, handiena 1991az geroztik. Egunak aurrera egin ahala, balio pixka bat berreskuratu zuen, eta iluntzean 35 dolarretan zegoen, %20 galdu ondoren.

Funtzionatuko du Riaden erabakiak?

Saudi Arabiaren helburua bada Errusia berriro negoziazio mahaira itzultzea, zail izango du, Vladimir Putin ez baita presiopean amore ematearen zale. Baina Putinek badu arazo bat: petrolio garestiagoa behar du agindutako inbertsioak egiteko eta boterean oposizio handirik gabe jarraitu ahal izateko. Edonola ere, azken urteetan 110.000 milioi euro bildu ahal izan ditu Errusiak petrolioaren eta gasak hornitutako funts subirano batean.

Zer gertatuko da  kontsumoarekin?
IEA Energiaren Nazioarteko Erakundeak gaur zabaldutako txostenaren arabera, litekeena da aurten petrolio kontsumoa jaistea, lehen aldiz azken hamarkadan. Bi dira arrazoi nagusiak: Txinaren beherakada —haren hazkunde ekonomiko handiaren ondorioa da eskari berriaren %80—, eta birusari aurre egiteko neurriak garraioa eta merkataritza txikitzen ari direla. Datu zehatzak emateko goizegi dela onartu du IEAk, baina kalkulatu du urteko lehen hiruhilekoan 2,5 milioi upel gutxiago kontsumitu direla egunero. Gobernuek hartutako erabakiek baldintzatuko dute petrolioaren prezioaren bilakaera, IEAk uste duenez. Orain sinesgarrien dirudien egoeraren arabera, martxoaren amaierarako COVID-19aren hedapena kontrolatuta izango da Txinan, baina zabaltze fasean izango da Europan, Iranen, Korean, Japonian eta AEBetan.

Eta burtsak, zer?

Petrolioaren amiltzearen eragina burtsetara hedatu da. Nikkeik %5 galdu du, eta haren atzetik joan dira Europako burtsak ere: %8,4 galdu du Eurostoxxek, %7,9 Frankfurteko Daxek eta Madrilgo Ibexek,  4,1 Parisko CACek...

Petrolio konpainiek galdu dute balio gehien: %29,8 ENIk, %19,5 BPk, %17,6 Shellek, %16,6 Totalek, %16,5 Galpek, eta %15,1  Repsolek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.