Bai baina ez. Espainiako Gobernuak ziurtatu du ez duela proposatu pentsioak kalkulatzeko unean kotizazio urte gehiago kontuan hartzea. Baina, aldi berean,eztabaida horri ihes egitea «arduragabekeria» dela nabarmendu du Celestino Corbacho Lan ministroak. Garbiago esanda, Madrilek kotizazio epea luzatzea nahi duela, baina berak proposatu duela ofizialki ageri gabe, erretiroa hartzeko adina 67 urtera atzeratzeko proposamenak eragin dion kalte politikoa ez egitearren berriro.
Pentsioak aztergai dituen Espainiako Kongresuko Toledoko Itunaren jarraipen batzordean egin zituen adierazpenok Corbachok. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak nahi du pentsioei buruzko edozein erabaki Toledoko Ituneko kideen oniritzia izatea. «Ahalik eta adostasun handiena lortu behar dugu», esan du Corbachok. Ez dirudi, ordea, lortuko duenik. Erreforma osorik bazterrean uzteko eskatu diote EAJko eta ERC-IU-ICVko talde parlamentarioek. PPk eta CiUk, berriz, Gobernuaren jokabidea kritikatu dute, baina mamiari gehiegi heldu gabe.
Sindikatuek ez dute bi proposamen nagusiei buruz hitz ere egin nahi: erretiro adin ofizialaren atzeratzea, eta kotizazio aldiaren luzatzea. Azken horrek pentsio gehienen jaitsiera eragingo lukeela uste dute, langile askok beraien lan bizitzaren azken urteotan jasotzen dituztelako soldata handienak; urte gehiago kontuan hartuko balira, soldata apalagoko urteak ere agertuko lirateke kalkulu horretan. Espainiako Gobernuak, ordea, beste era batera planteatu du gaia: kotizazio aldia luzatuta, erretiratu aurretik langabezian geratu direnei pentsio handiagoa ziurtatuko lieke.
Planteamendu horrek ez ditu sindikatuak engainatu, eta protestaldiekin erantzun dute. Atzo bertan, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia eta sindikatu horretako kideak bildu ziren Espainiako Gobernuaren Bilboko egoitzaren aurrean, erreforma kritikatzeko. CCOOk eta UGTk manifestazioak egingo dituzte gaur Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian; larunbatean Bilbon eta martxoaren 6an Iruñean.
ELA, LAB, EHNE, Hiru eta EILASek martxoaren 2an eta 27an egingo dute protesta.
Demografiak behartuta
Uneotan pentsio sistema eta Gizarte Segurantza «oso egoera onean» daudela argi utzi nahi izan du Corbachok, baina ezinbestekotzat jo du erreforma, bizi-itxaropenaren luzatzearen ondorioz. Gobernuaren proposamenean kotizazio aldia luzatzeko aukera «aipatzen ez den arren», gai horri heldu behar zaiola ziurtatu du ministroak, jasotako pentsioa langileak bere lan bizitzan «egindako ahaleginarekin parekatzeko».
Aldez aurretiko erretiroak mugatu behar direla eta gertatzen diren kasuetan enpresek gain kostuaren zati handiagoa pagatzea defendatu du ministroak.
Belanauldi berrien alargun pentsioak ere «berrikusi» behar direla uste du Corbachok, gaur egun emakume gehiago daudelako lan merkatuan. Umezurtzek jasotakoak ere aldatu nahi ditu. Enpresek eta langileek egiten dituzten kotizazioak, ordea, «oro har berdin» geratuko dira.
Kotizazio epeak luzatzeaz hitz egin nahi du Madrilek, baina argi proposatu gabe
Eztabaidari uko egitea «arduragabekeria» izango litzatekela uste du Corbacho Lan ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu