Hussman Koxka enpresan eraginkortasun mugatuko lan hitzarmena ez dutela inposatu esan zuten atzo UGTk eta CCOOk. ELA, LAB eta ESK sindikatuei «zurikeria eta koherentziarik eza» egotzi zien. Hitzarmenak bi sindikatuotako afiliatuak ez diren langileak baztertu egiten dituenik ukatu egin zuten.
Iruñeko Landaben industrialdeko Hussman Koxka multinazionalaren lan hitzarmena langileen %87k onartu zutela esan zuten UGTk eta CCOOk, eta %13k bakarrik ez zutela sinatu.«Enpresako 481 langileetatik 253k sinatzearen alde egin zuten eta 199k aurka», esan zuen Alfredo Rada enpresako UGTko ordezkariak. Sindikatuon arabera, beharginen gehiengoak lan hitzarmena sinatzearen alde egin arren, ELAk, LABek eta ESK-k «langile batzarraren ema-itza kontuan hartu ez» eta epaitegian helegitea aurkeztu zuten hitzarmenak langile guztiengan eta ez bakarrik sinatu zutenengan eragina izan dezan eskatzeko. UGTk eta CCOOk iragan uztailean hitzartu zuten eraginkortasun mugatuko hitzarmena defendatu zuten. «Negoziazioa arriskuan zegoen eta sinatzea zen irtenbide bakarra», argudiatu zuen Radak. Hitzarmenari helegitea aurkeztu dien sindikatuei hitzarmenak langile guztiengan eragina izatea nahi badute «sinatu besterik ez dutela» erantzun zien. Enpresan gehiengoa duten bi sindikatuok UGTn eta CCOOn afiliatuak ez dauden enpresako langileak hitzarmenetik kanpo gelditzen direla ukatu egin zuten. «ELAk, LABek eta ESK-k lotsagabeki gezurra esaten dute hitzarmena bakarrik gure afiliatuei aplikatu zaiela esaten dutenean», aipatu zuen Ana Zapata lantegian CCOOko ordezkariak. Sindikatuon esanetan, hitzartutakoa «afiliatuei ez eze, sinatu nahi duen orori».Bi sindikatuon kritikak haratago joan ziren eta ELA, LAB eta ESKri «sindikalismo bizkarroia» egitea egotzi zien. «Betikoan gaude, kritikatzen dute eta ospea kentzen digute, baina gero hitzarmenak dituen onurez baliatzen dira», arbuiatu zuen Zapatak. Hiru sindikatuok hitzarmena izenpetu ez duten langileak «gezurretan ibili» dituztela esan zuen Zapatak. Hitzarmena onartzeko azken eguna abuztuaren 3a izan zen arren, langileak sinatzeko garaiz dabiltzala gaineratu zuen. Hori egin ezean aurreko hitzarmena 2000-2003 artekoa ezarriko zaie eta «ondorio kaltegarriak» izanen ditu beharginentzat. Izan ere, epez kanpo bada ere langileek banan bana sina dezakete hitzarmen berria baina atzerabegirakoa galduko dute. Horrek esan nahi du urtarriletik abuztura arteko soldata igoera ez dutela jasoko, mila euro inguru, alegia.
Koxkan lan hitzarmena ez dutela inposatu diote UGTk eta CCOOk
ELAri, LABi eta ESKri «zurikeria eta koherentziarik eza» egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu