Koyo Bearings enpresa otsailean kaleratutako 13 langile berriz hartzera zigortu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Enpresak emandako arrazoi ekonomikoak baztertu ditu epaiak. Era berean, auzitegiak dio askatasun sindikalaren eskubidea urratu egin zela langile guztiak ELAkoak izateagatik.
Era horretan, Koyo enpresak eta Jtekt Corporation multinazionalak kaleratutako lagunak berriz kontratatu beharko dituzte. Epaia ez da irmoa. Koyo enpresak joan den otsailaren 27an iragarri zuen 16 lagunen kaleratzea, arrazoi ekonomikoak eta produktiboak argudiatuz. Prozesuan, UGT sindikatu nagusi den enpresa batzordearekin akordio bat lortu zuen, eta adostu zuten 13 langileri kontratua amaitzea eta beste 14 langileri kontratuak bertan behera uztea.
ELA sindikatuak helegitea jarri zuen, "askatasun sindikala urratzen" zela argudiatuta. "Kaleratutako guztiak ELAkoak ziren; UGT sindikatuko inor ere ez zuten kaleratu".