KPI. Maiatzean kontsumo prezioak %0,2 igo ziren Hegoaldean

Inflazioa %3,1era jaitsi da, baina eurogunekoa baino %1 gorago dago

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Maiatzean, Hego Euskal Herriko kontsumo prezioak %0,2 garestitu ziren, INE Espainiako estatistika institutuaren arabera. Iazko maiatzeko datuekin alderatuta, inflazioa %3,1 handitu zen urtebetean, eta, aspaldian legez, euroaren eremuko batez besteko tasaren gainetik jarraituko du nabarmen. Aldea %1ekoa da. Urte hasieratik %1,7 garestitu dira prezioak.

Herrialdeka, denetariko joerak izan zituzten kontsumo prezioek. Bizkaian ez zuten ez atzera ez aurrera egin. Nafarroan izan zen hazkunderik handiena, %0,5 egin baitzuten gora. Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) osatzen duten hamabi sektoreak kontuan hartuta, maiatzean ez zen bat bera ere nabarmendu. Arropak eta zapatak izan ziren gehien igo ziren prezioak, Nafarroan batez ere: %4,1. Iazko datuekin alderatuta, etxebizitzen alokairuak garestitu dira gehien: %4,9. Hamabi hilabeteetan zehar, bi sektoretan prezioak merkatu egin ziren: komunikazioen atalean %2,5, eta aisia eta kulturan %0,5.

Espainian, oro har, prezioak %0,2 garestitu ziren maiatzean. Urte arteko tasa %3,1era jaitsi zen. David Vegara Estatuko Ekonomia idazkariak adierazi zuen KPIk iaz baino joera hobea duela, petrolioaren eragina salbu. IUk Espainiako Gobernuari eskatu zion energia alternatiboen aldeko apustua egiteko, merkatu energetiko egonkortu eta prezioen igoera saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.