Ohikoa izaten da kontsumo prezioen indizeak behera egitea urtarrilean, merkealdiaren eraginez batik bat. Oraingoan ere hala gertatu da. Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, Hego Euskal Herrian %1,4 jaitsi dira prezioak. Hain zuzen, jantzietan eta oinetakoetan %15 ingurukoa izan da jaitsiera. Igo, berriz, edari alkoholdunak eta tabakoa igo dira gehien, %2 inguru.
Urtarrileko datuak herritarren poltsikoentzako onak izan arren, kontuan hartu behar da bizimodua garestitu egin dela iaztik. Inflazioa %2,6koa izan da. Edari alkoholdunak eta tabakoa igo dira gehien, %8tik gora. Garestitu egin dira eguneroko bizimoduan oso ohikoak diren beste hainbat produktu ere. Horien artean daude, esaterako, irakaskuntza, botikak eta etxebizitzak. Azken horretan BEZaren igoerak eragin du, %4tik %10era igo baita aurten.
Espainiako datuak ere eman ditu INEk. Han, %1,3 murriztu dira prezioak hilabetean. Estatistika erakundearen esanetan, azken 50 urteetan izandako jaitsierarik handiena da. Merkealdiak ez ezik kulturaren eta aisialdiaren kontsumoak ere eraginik izan duela esan du, antolatutako bidaien salneurriak %2,2 murriztu baitira.