KRISI EKONOMIKOA. Gipuzkoak atzeraldia gainditzea lortu du, %0,3 hazi baita

Arabak eta Bizkaiak hazkunde negatiboan jarraitzen dute, eta Agirre sailburuak ez du argi urteko azken txanpan aterako diren

Ivan Santamaria. Gasteiz / Mikel Carramiñana. Bilbo
2009ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoa da, Nafarroaren atzetik, atzeraldi egoera teknikoa gainditzea lortu duen Hego Euskal Herriko bigarren herrialdea. Uztaila eta iraila bitartean %0,3 hazi zen Gipuzkoako ekonomia, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Atzeraldian erortzeko, bi hiruhilabetez jarraian hazkunde negatiboa izatea beharrezkoa da, baina tasa positiboetan hiruhileko bakarra igarotzea nahikoa da hazkundearen bidera itzultzeko.

Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontu ekonomikoen emaitzak argitaratu zituen atzo, urteko hirugarren hiruhilekoari buruz. Hiru herrialdeak batera hartuz gero, atzeraldia gainditzeko zorian daude, %0,1 atzera eginda. Gipuzkoan izandako igoera herrialdearen «izaera produktibo esportatzaileari» zor zaiola esan zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. «Frantziaren eta Alemaniaren bultzadaz baliatu da Gipuzkoa», zehaztu zuen.

Era berean, Adegi patronalak ontzat jo zuen Gipuzkoako datua, baina, hala ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen, susperraldia berresten den edo ez ikusi arte. Nafarroak ere joan den astean jakinarazi zuen atzeraldia gainditu duela, %0,5 hazita.

Arabak eta Bizkaiak, ordea, atzera egin zuten berriro uztaila eta iraila bitartean. Hala, bi herrialde horiek urtebete igaro dute atzeraldi egoeran. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, %0,2 murriztu zen BPGa Bizkaian, eta %0,3 Araban.

Agirreren ustez, krisiaren bizitasuna arindu zen joan den hiruhilekoan, eta «susperraldiaren bide motela» hasi dela nabarmendu zuen. Alegia, oraindik ere EAEn ekoitzitako ondasun eta zerbitzuen balioa ez da aurreko hiruhilekoan baino handiagoa, baina atzerapauso txikiena izan da atzeraldia hasi zenetik. Urteko bigarren hiruhilekoan, esaterako, EAEko BPGak %1 egin zuen atzera, eta urteko lehen txanpan, berriz, %1,5.

Zuhur, oraingoz

Grafikoak ikusita, badirudi EAEko ekonomia gora bidean hasi dela. Haatik, urtea amaitu baino lehen hori gertatuko dela esateko ziurtasunik ez dagoela uste du Jaurlaritzak. Ezohiko zuhurtasuna utzi zuen atzo Agirrek agerian, galdetu zitzaionean. «Normalean, urteko azken hiruhilekoa aurrekoa baino eskasagoa izan ohi da», ohartarazi zuen. Otsailean jakingo da Arabak eta Bizkaiak atzeraldia gainditu duten edo ez eta Gipuzkoaren hazkundea benetan berresten den.

Izan ere, euskal ekonomiak sufritzen duen kolpea urte arteko tasak islatzen du. Uztaila eta iraila bitartean %4 egin zuen atzera EAEko BPGak. Kontuan hartu behar da iazko hiruhileko berean oraindik ere tasa positiboetan zegoela. Edonola ere, 2010. urterako Jaurlaritzaren aurreikuspen ofiziala BPGak %0,8 atzera egitea da. Aurten, berriz, %2,9ko murrizketa iragarri du.

Kontinenteko ekonomia nagusiak hasi dira hazkunde tasa positiboak izaten. Europako Batasunak eta euroguneak ere igaro dute atzeraldia. EAEn, ordea, uzkurdura geroago hasi zen, eta krisiaren irteera aurkitzea ere atzeratuko da.

Ekonomia susperraldiaren bidean jartzeko, erabakigarria izango da industriaren jokabidea. Aurreko hiruhilekoan baino %0,2 txikiagoa izan zen hazkundea uztail, abuztu eta irailean, baina, hala ere, datu «pozgarria» iruditzen zaio Agirreri. Izan ere, urteko bigarren hiruhilekoan -apiriletik ekainera- atzerakada %2,7 izan zen. Urte arteko datua hartuz gero, oraindik ere uzkurdurarik esanguratsuena duen sektorea da. Zerbitzuek, berriz, urte arteko murrizketa txikiena dute, eta sektoreak gora egin zuen hirugarren hiruhilekoan.

Lan merkatuan ere Eustaten datuak «hobetu» direla azpimarratu zuen Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, 6.000 lanpostu galdu ziren, eta joan den urteko hiruhileko berarekin alderatuz, 39.000.



Espero baino hazkunde sendoagoa izan du Japoniak

Uztailetik irailera %1,2 handitu zen Japoniako ekonomia, analistek espero zuten igoeraren halako bi. Urtebetez gain behera ibili eta gero, bigarren hiruhilekoz jarraian hazi da Japonia, atzeraldiaren zama atzean utzita. Urte arteko tasa %4,8 izan zen hirugarren hiruhilekoan; esanguratsuena 2007. urtetik.



Hegoaldean etxebizitzen salmentak handitzen ari dira

Nafarroan 443 etxebizitza saldu dira irailean, abuztuan baino %4,7 gehiago, baina iazko irailean baino %16,4 gutxiago. Urtarriletik irailera, 3.931 saldu dira, %22,5 gutxiago. EAEn, berriz, 1.635 etxebizitza saldu dira irailean, abuztuan baino %43,5 gehiago, baina iazko irailean baino %8,5 gutxiago.



-%0,1

Euroguneko inflazioa.Urrian, %0,05 igo dira euroguneko kontsumo prezioak, eta horri esker iazko mailara gerturatzen ari da inflazioa. Hain zuzen, orain-%0,1ekoa da urte arteko inflazioa, irailean baino bi ehunen handiagoa, Eurostatek emandako datuen arabera.



2.021

Auto gehiago. Autogintza izanik euskal industriaren sektore nagusia, autoen salmentak gora egiteak lagundu egin dio ekonomiari hobetzen. 2.021 saldu dira Hego Euskal Herrian azaroko lehen hamabostaldian, iazko tarte horretan baino %50 inguru gehiago.



Interes tasak ez direla igoko uste du Espainiako Bankuak

Espainia da atzeraldian dagoen euroaren eremuko herrialde handi bakarra, Alemania, Frantzia eta Italia dagoeneko hazten ari direlako. Eta hazkundearekin batera etorriko da, noizbait, interes tasen igoera. Europako Banku Zentralak gogorarazi du ez dela Espainia atzeralditik ateratzeko zain izango diruaren prezioa igotzeko, eurogune osoaren interesei begiratu behar dielako. Interes tasen igoerak ez lioke mesederik egingo Espainiari. Kezkak uxatzearren, datozen hilabeteotan interes tasa ofizialak %1ean jarraituko dutela esan zuen atzo Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak. Haren esanetan, merkatuek ez dute aldaketarik espero 2010eko bigarren erdira arte.



Gonzalo Bernardos. Ekonomista
Nahiz eta krisialditik teknikoki lehenago irten benetako suspertzea 2014an etorriko dela uste du etxebizitza merkatuetako adituak.

«Benetako susperraldirako erreformak behar dira»

Mikel Carramiñana. Bilbo

Kataluniako hainbat unibertsitatetako ekonomia irakaslea ez ezik, Gonzalo Bernardos (Bartzelona, 1962) etxebizitza merkatuetan da aditua. Salneurrien eta hipoteken ugaritzearen ondorioz burbuila lehertuko zela aurreikusi zuen inork baino lehen, eta, orain, Espainiako finantza sistemaren ezkutuko ahuleziari buruz ohartarazi du. Bilboko Marketing & Finanzas negozio eskolaren ekitaldi batean hitz egiteko ekarri berri dute Bilbora, krisiaren amaierari buruz hitz egiteko.

Krisia noiz eta nola gaindituko dugun azaltzera etorri zara. Benetan ba al duzu horretarako erantzunik?

Teknikoki, ekonomiaren susperraldia izateko, hiruhileko batean hazkundea izan behar da. [Espainiako] Gobernuak BEZa igoko du uztailaren 1ean, 2010eko bigarren hiruhilekoan jendeak erosketak aurreratu ditzan eta krisialditik orduan ateratzeko. Nik uste dut ezetz, jendeak ez ditu erosketak hainbeste aurreratuko, besteak beste izango ditugun bost milioi langabeak ekonomiarentzat traba handia direlako. Ondorioz, 2011ko bigarren hiruhilekoan aterako gara, teknikoki, krisialditik.

Teknikoki diozu; benetako susperraldia geroago al dator?

Benetako susperraldirako, langabezia jaitsiko duenerako, Zapaterok etxeko lanak egin behar ditu; egiturazko erreformak, alegia. Galdera da ea noiz egingo duen hori guztia Zapaterok; oker dago uste badu ekonomia berez konponduko dela Europakoa suspertzen delako. Europako ekonomia suspertzen den egunean, interes tasak igoko dira eta, gehiago esportatu arren, gutxiago kontsumitu eta inbertituko dugu. Badakigu egiturazko erreformak egin eta gero bizpahiru urte pasatu behar direla. Beraz, 2014an etorriko da suspertzea.

Zer-nolako erreformak proposatzen dituzu?

Lan merkatuaren erreforma adierazgarria egin behar da, eta zerga politika aldatu, kontsumo jarduerak gehiago eta ekoizpen jarduerak gutxiago zergapetzeko. Enpresen arteko konkurrentzia sustatuko duten legeak egin behar dira, Europako gainerako herrialdeekin dugun inflazioaren aldea gutxitzeko. Hezkuntza sistema eta administrazioak ere moldatu behar ditu, eskumen berdinak izan ez ditzaten. Udal administrazioek, dagoeneko, ezinezkoa izango dute higiezinen iraultzatik bizitzea, ez dagoelako.

Eta administrazioek orain arte hartutako neurriei zer deritzezu?

Inprobisatze politika da Zapaterorena, epe laburrera eginikoa eta zentzugabea. Eraikuntzaren sektorea berpiztuko duela dio eta, horretarako, E-Plana jarri du abian, 8.000 milioi euro espaloietan, hilerrietan eta paddle zelaietan lurreratzeko plana. Baina, hori guztia ordaintzeko, zergak igotzen dizkigu gero, 6.250 milioi euro biltzeko. Hobe zuen alferreko gauza horiek egin izan ez balitu. Agian, ni baino azkarragoa den jendearentzat eginiko politika da, baina nahasgarri da ohiko ekonomiaren ikuspegitik behintzat. Egiten dituzten gauza batzuk aurretik egin direla jakin beharko zuketen. Historia liburuak irakurtzea gomendatu behar diet. 70eko hamarkadan porrot egin zuen politika baino ez da.

Gastu publikoari buruz ari zara?

Gastu sozialean oinarritutako gastu publiko handia egiten duzunean erreforma produktiboak egin gabe eta hazkunderako motorra aldatu behar duen herrialde batean, emaitza ezaguna da: defizit publikoa eta inflazioa handitzen dira, baita ezarri beharreko zergak ere.

Europako suspertzearen ondorioz Euriborrak gora egiten badu eta Espainiako langabezia hain handia izanda, berankortasunak arazo larriak eragingo dizkie bankuei?

Espainiako finantza sistemak arazo ugari ditu, baina ezkutatuta daude. Beste edozein sektoretako enpresek merkatuan duten balioaren arabera zenbatu behar dituzte haien aktiboak. Bankuek, aldiz, nahi dutena egin dezakete, balio historikora jo dezakete komeni bazaie. Finantzen merkatua Japoniako ereduari jarraitzen ari zaio, inoiz ez da benetan suspertzen, ez da onbideratu eta gainerako sektoreak kutsatzen ditu.

Higiezinen burbuilak sortu al ditu ezkutuko arazo horiek?

Munduko edozein herrialdek Espainiako bankuek baino hipoteka gutxiago eman dituzte eta, hala ere, bankuak oso gaizki zeuden, estatuek salbatu behar izan dituzte diru publikoarekin. Nola sinets daiteke hemen ezer gertatzen ez dela, dena ongi doala? Nola da posible gaizki dauden hiru kutxek bat eginda ondo dagoen kutxa bat osatzea? Mesedez, hemen banku ertain asko daude negozioa Espainian bakarrik dutenak eta finantzatu ezin dena finantzatu dutenak eraikuntza eta etxebizitzaren sektorean, eta ezer ez zaie gertatuko? Uharte isolatu eta berezia al da gurea, edo adarra jotzen digute?

Finantza sistemaren arazoak agerian geldituko direla uste al duzu?

Japonian egiten saiatu ziren gauza bera egiten ari dira. Etxebizitzaren jaitsiera aldi baterakoa zela zioten eta hemen gauza bera diote, ezer ez dela gertatu sinetsarazi nahi digute kontabilitate azpijoko legalak eginda. Ekonomia suspertzen denean, azpijokoa desagertu eta dena ondo doala esaten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.