Kamioi horietako asko atzerrikoak dira, Euskal Herriko errepide nagusiak erabiltzen baitituzte Europako hegoaldea eta iparraldea lotzeko. Baina errepideko garraioaren krisia ez da atzerrikoa bakarrik, Euskal Herriko garraiolariei ere eragiten die: Irungo (Gipuzkoa) Catalan enpresak itxi egin behar izan du eta garraiolarien lan karga %20-30 artean jaitsi da, Hiru Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuaren arabera.
Hala ere, errepideko garraioaren krisiak ez die garraio enpresei eta garraiolariei bakarrik eragiten. Baita gasolina zerbitzuguneei eta errepide ondoko negozioei ere: hotel, jatetxe eta kafetegiei, esaterako. BERRIAk Gasteiz eta Baiona arteko bidea egin du krisiaren ondorioak biltzeko.
Ruta de Europa hotela. %25 bezero gutxiago
Ruta de Europa hoteleko 99 geletako bezero gehienak garraiolariak izaten dira, eta errepideko garraioaren krisiak eragin nabarmena izan du bertan: bezeroen kopurua %25 inguru jaitsi da, Jose Barreira hoteleko kudeatzailearen arabera. Bezeroen kopuruaren jaitsiera iazko irailean hasi zen, baina «benetako jaitsiera» urtarrilean eta otsailean nabaritu dute. «Hala ere, martxoa hobea izan da», Jose Barreiraren esanetan.Ruta de Europa hoteleko kudeatzaileak bereizketa bat egin du: «Atzerriko garraiolarien jaitsiera nabaritu dugu batez ere».
Eta etorkizuna? «Zer etorriko den zain gaude, gauzak asko oker ez daitezen eskatuz».
Repsol zerbitzugunea. 70 otordutik 40ra
Mari Karmen Marin egunean 70-80 otordu ematetik 40-50 ematera igaro da. Iazko irailetik aurrera nabaritu zuten jaitsiera Repsolek Legorretan duen gasolindegiko kafetegian eta jatetxean. Gero eta garraiolari eta inguruko enpresetako langile gutxiago joaten dira bertara jatera. Jaitsierak ondorio on bat izan du beretzat: hornitzaileen arteko lehia handitu egin da, eta eskaintza asko egiten dizkiote.Arcelorreko gidariak. Aste osoa lanaren zain
ArcelorMittalentzat lan egiten duten garraiolariek lehen etengabe egiten zituzten bidaiak Bilbora, Pasaiako portura eta Espainiara. Urritik aurrera askotan aste osoa pasatzen dute enpresak deitu zain. Lana %90 jaitsi da, garraiolari baten esanetan.Guregas zerbitzugunea. %10eko jaitsiera
Guregas Beasaingo zerbitzuguneak gasolindegia, kafetegia, denda eta hamar gelako hotela ditu. Krisia gasolindegian nabaritu dute batez ere: negozioa %10 jaitsi da. Kafetegian ere izan ditu ondorioak. ArcelorMittalentzat lan egiten duten gidariak ez dira lehen adina joaten. Hotelean, aldiz, ez da jaitsierarik izan, CAFeko eta Irizarreko bezeroekin lan egiten baitute batez ere.Castillo hotela. %30-40 otordu gutxiago
Castillo hotelak aurkia eta ifrentzua bizi ditu, Juan Perez kudeatzailearen esanetan: aurkia, hotelean batez ere CAFeko bezeroekin lan egiten duelako, eta CAF oso ondo doalako; ifrentzua, jatetxean egunean %30-40 otordu gutxiago ematen dituztelako.Miguel Nieto. 50 lankide kalera
Miguel Nietok normalean Volkswagen autoak eramaten ditu Portugalgo Pamelako lantegitik Europara. Orain Tarnosera doa (Frantzia), eta handik bueltan Volkswagenen Landabengo lantegian geratu behar du, Poloak Belgikara eta Austriara eramateko. Nietoren enpresan 50 gidari kaleratu dituzte. Krisiaren beste ondorio bat ere nabaritzen hasi da: «Ohi baino diru gutxiagoren truke lan egiteko prest dauden garraio enpresak azaltzen ari dira».Arjan van de Griend. Elikagaietan, krisirik ez
Arjan van de Griendek kamioi hutsak daramatza Herbehereetatik Chipionara (Andaluzia, Espainia). Han kaxa hutsak azalorez beteko ditu eta Herbehereetara itzuliko da. Hala pasatzen du urte guztia, uda izan ezik. Udan Herbehereetan lan egiten du, barazkiak garraiatzen. «Nik ez dut krisiaren ondoriorik nabaritu. Jendeak ez dio jateari utzi, eta elikagaiak garraiatzen ditugunok ez dugu krisirik».Alvaro Meshquita. Zortzi egun lanaren zain
Alvaro Meshquita Vigotik (Galizia) Sochauxera (Frantzia) bidean geratu da Durruman, bazkaltzera. Citroen autoak daramatza kamioian. Lan hori lortu aurretik zortzi egun egin ditu etxean, Portugalen. Ohi baino gehiago, «lehen ez baitzen horrelakorik gertatzen, etengabe bidaiatzen genuen». Hala ere, bera ez da kexatzen, lankide asko baitaude etxean, lanik gabe.Pedro Serem. Itzulera ziurtatu gabe
Pedro Seremek Peugeot autoak daramatza Madrildik Frantziara. Su txiki batean egindako babarrun zuriak jaten ari da, kamioiaren ondoan. Frantziatik bueltan zer garraiatuko duen ez daki. Agian, bi edo hiru egun pasatu beharko ditu Frantzian geldirik, itzulerako zama lortu zain. «Lehen, itzuli aurretik bagenekien zer garraiatu behar genuen bueltan», dio. «Orain, aldiz, ez». Eta zerbaitekin itzuli beharra dauka: «Oso garestia da kamioi bat hutsik jaistea».El Ventorro jatetxea. Aparkalekuak, beteta
Jose Migel Arbizu El Ventorro jatetxeko nagusia ez da kexatzen, lana %40 inguru jaitsi den arren. Egunean 110 otordu inguru ematen ditu. Afarien kopurua asko jaitsi da, «inguruko aparkalekuak kamioiz beteta egoten diren arren». Garraiolari askok ohiturak aldatu dituzte: «Tabernan edo jatetxean afaldu beharrean, kamioian afaltzen dute, eta gero etortzen dira zerbait hartzera».Repsolen zerbitzugunea. Jaitsiera duela urtebetetik
Errepideko garraioaren jaitsiera ez da berria. Repsolen Villabonako zerbitzugunean dutela urtebetetik nabaritu dute, Julian Mujika arduradunaren esanetan. Erregaiaren salmenten jaitsiera handia izan da, %20 ingurukoa, kamioi gutxiago dabiltzalako batez ere. «Kamioilari asko daude geldirik».Olano garraioak. Ia erdia gutxiago
Donibane Lohizuneko Olano garraio enpresak krisiaren eragina bete-betean jasaten du. %40 gutxitu zaie lana, Clement Gaitte Fakturazio Zerbitzuko arduradunaren arabera. Lehen gidari bila ibiltzen ziren; orain, aldiz, ez. Halaber, langileek pausa denbora gehiago daukate orain: ostiraletan ez dute lanik egiten. Erregaien prezioak apaldu izanak ez du lanaren apaltzea arindu.ASF. Zirkulazio apalagoa
Hendaia eta Baiona arteko auto eta kamioi zirkulazioak behera egin zuen iaz, ASF konpainiaren arabera (Frantzia Hegoaldeko Autobideak). 2007arekin alderatuz, %2,4 kamioi gutxiago eta %1,2 auto gutxiago ibili ziren. Samuel Au-Duong ASFko Miarritzeko zuzendaritzakoarduradunaren esanetan, jaitsieraren arrazoia ez da erregaiaren preziora mugatu behar.Cepsaren zerbitzugunea. %20-30eko jaitsiera
Javier Ruizek 20 urte daramatza Cepsak Lasarte-Orian N-1 errepidearen ondoan duen gasolina zerbitzugunean lanean. Krisia nabaritu du: hileko fakturazioa %20-30 inguru jaitsi da iazko irailetik. Zenbakiak ikusi gabe ere, krisia agerikoa da, Ruizen arabera. «Kamioi gutxiago dabil errepidean eta garraiolari asko daude langabezian, garraiolari txikiak batez ere».Zerbitzuguneko dendan ere nabaritu dute salmenten jaitsiera.