«Krisi hau kapitalak ordain dezala!» oihua entzun da gehien Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Bilbon antolatu duen mobilizazioan. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dira manifestazioak, eta arratsalderako eskualde guztietan daude deituta. Bilbon milaka lagun bildu dira, eta kaleetan hainbat kolektibotako kideak izan dira nagusi. Amaiera ekitaldia Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean izan da, eta jende ilarak ia kale osoa hartu du.
Eskubide sozialak zazpi proposamen zehatz bidali dizkie Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiei —behean irakur daitezke—, eta aurrenekoa zerga erreformaren eskaera da. Mobilizazioaren amaieran, gutuna osatzen duten kolektibo batzuetako ordezkariek hartu dute hitza, eta puntu horretan jarri dute arreta. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera, krisi honek agerian utzi du «Jaurlaritzaren eta Confebasken artean dagoen sinbiosia, politika berdinak egiten baitituzte», eta zerga sistemaren eztabaidari ekiteko garaia da: «Diru gehiago bildu behar da, eta modu egokiago batean. Urkullu jaunak ahalegina eskatu die langile publikoei, baina inoiz ez die ahaleginik eskatzen enpresariei».
Mitxel Lakuntza ELAko idazkariak salatu du Jaurlaritzak «amnesia kolektiboko ekintza bat egin nahi duela bere bide orria eratzeko, eta nahi duela herritarrek ahaztea «pandemia zeinek jasan duen eta pandemian lanean zein ibili den». Hark ere aberastasunaren banaketaren auzia hartu du hizpide: «Arduratzen gara ikusten ditugun seinaleekin. Azpiazu sailburuak esan du 3.000 milioiko zuloa egongo dela eta ez duela erreforma fiskalik egingo. Irakurketa oso argi dago: edo aldaketa fiskala egiten da, edo murrizketak etorriko dira. Herri honetan dagoen eztabaida nagusia da, eta guk ez dugu nahi langileek ordaintzerik».
Aberastasunaren inguruko debateaz harago, zaintza zerbitzuak publiko bihurtzea eskatu dute, pandemia honek, besteak beste, «zahar etxeen egoera larria» agerian utzi baitu. Amets Ladislao Etxalde arrantzale eta nekazarien elkarteko kideak ere pandemia izan du hizpide, eta euskal herritarrei eskerrak eman dizkie gertuko ekoizleengana jo dutelako, eta, bereziki, herriko merkatuetako itxieraren auzian izan duten jarrerarengatik. Oso kritiko mintzatu da, berriz, Jaurlaritzari buruz. «Haien kolorea berdea da, baina ez larreena, dolarrena baizik. Pandemia honetan argi ikusi da merkataritza gune handien alde egin dutela. Baina jendea konturatu da jatekoa ez datorrela handik bakarrik». Pentsiodunen mugimenduaren izenean, Andre Oñak hitz egin du, eta pentsio sistema justuagoa eskatu du.
Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak alderdi politikoei bidalitako zazpi eskaera zehatzak:
1. Zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan.
2. Zerbitzu publikoak garatzea eta azpikontratak publiko egitea.
3. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
4. Diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea
5. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak.
6. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gehienez 35 orduko lan astea.
7. Pertsona guztien erregularizazioa