Asteburuan udaberriko batzarra dute bi erakunde aldeaniztunek Washingtonen (AEB), krisi ekonomikoaren itzalean. Garatzeko bidean diren herrialdeen eta herrialde txiroen egoerari buruz argitaratu duten txostenak ilundu egin du giro ezkorra. NDF eta MBren kalkuluen arabera, 55 eta 90 milioi lagun bitartean muturreko pobrezian eroriko dira aurten. Gose kronikoa sufritzen dutenen zerrendan mila milioi egongo dira, gainera.
Finantza krisia arazoaren atal bat besterik ez da. Oraindik ere elikagaien garestitzea ez dela zuzendu ohartarazi dute azterketaren egileek. Horri guztiari erregaien prezioa gehitu behar zaio.
Herrialderik txiroenetan, hazkunde ekonomikoak seko gelditu dira. Garatzeko bidean diren herrialdeetan, esaterako, aurten barne produktu gordina (BPG) %1,6 handituko dela kalkulatu du NDFk, aurreko bi urteetan izandako %8,1etik urrun. Saharaz hegoaldeko Afrikan are txikiagoa izatea espero da.
Finantza merkatuen gainbeheraren ondorioak zuzenean jasan dituzte herrialde horiek dagoeneko. Kapital pribatuaren iturria lehortu egin da, eta aurten 2007an baino 525.000 milioi euro gutxiago jasoko dituzte. Lehen aldiz, gainera, fluxuak negatiboak izango dira; kapitala alde egiten ari da.
Txirotasuna areagotu egingo da baliabide gutxien dutenen artean. Hala, muturreko pobrezia Saharaz hegoaldeko herrialdeen %75etan handituko da, eta, oro har, diru sarrera gutxien duten herrialdeen bi herenetan igoko da.
Azpiegiturak behar dira
Atzeraldi egoeratik haratago, zaila da susperraldi ekonomiko sendoa noiz hasiko den esatea, eta herrialde txiroen baldintzetan ondorio zuzenak ditu. «Herrialde askotan oso litekeena da susperraldi motel eta mingarria izatea, eta horrek zailago eta beharrezkoago bihurtzen du pobreziaren aurkako borroka», John Lipsky NDFko zuzendariorde kudeatzailearen ustez. Bi erakundeen iritziz, herrialde txiroei gizarte babeseko sareak, azpiegiturak eta enpresa txikiak eman behar zaizkie, iraun ahal izateko.
Egindako aurrerapenak galtzeko arriskua dago, eta NDFk eta MBk ohartarazi dute oso zaila izango dela NBEk 2015erako ezarri zituen helmuga batzuk betetzea. Goseari, haur hilkortasunari, hezkuntzari eta hiesari dagozkien nazioarteko helburuak arriskuan daude, baina xede orokor nagusia -muturreko pobrezia erdira jaistea- oraindik ere posible dela uste dute.
Oxfamek diru gehiago eskatu zuen herrialde txiroei laguntzeko. Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, atzerriko laguntza «ozeanoan ur tanta bat adina» da, bankuei eman zaien diruarekin alderatuta.
############
Zenbakia
1.000
Gosearen zauria. Finantza krisiari elikagaien garestitzea gehitu behar zaiola ohartarazi dute NDFk eta MBk. Horren ondorioz, aurten gose kronikoa munduko biztanleen ia seirenek pairatuko dute, mila milioik. 2007tik aurrera 150 milioi pertsona gehiago sartu dira gosetearen zerrenda beltzean.############