Iazko azken hiruhilekoko uzkurtzeak atzeraldiaren ateetan jarri du euskal ekonomia, baina bizimoduak ez du merkatzera egin. Gutxi izanagatik, abenduan ere igo egin dira salneurriak (%0,1). Urtebeteko garestitzea, berriz, askoz handiagoa izan da: %2,4koa. Hala ere, Hego Euskal Herriko garestitzea euroguneko batez bestekoa (%2,8) baino txikiagoa izan da, eta hori berri ona da euskal enpresentzat, prezio baxuagoek lehiakorrago izaten laguntzen dielako.
Confebaskek adierazi du ekonomia horren ahul eta prezioak horren altu egotea ez dela normala eta datozen hilabeteetan jaistera egin behar luketela. Horretarako, ordea, beharrezko deritzo merkatuak liberalizatzeko neurri eta erreformetan sakontzeari. Inflazioari euroguneko batez bestekoaren azpitik eusteko ahalegina egiteko eskatu du, horrek euskal enpresen lehiakortasuna handituko duelako.
ELAk, berriz, esan du langileen erosteko ahalmena mantentzeko borroka inoiz baino beharrezkoagoa dela, eta patronalari soldatak %2,4tik gora igotzeko eskatu dio, hortik beherako guztiak ahalmen horren galera dakarrelako. Botere ekonomikoa, politikoaren babesarekin, gizartearen gehiengoa pobretzeko estrategia egiten ari dela salatu du Iñaki Zabaleta sindikatuko Azterketa Bulegoko kideak. Enpresaburuek krisiaren aitzakia langileei soldata ez igotzeko eta beren etekinak handitzeko darabiltela ere esan du.
Euskadiko CCOOri ere sobera handia iruditu zaie salneurriek azken urtean izan duten igoera, eta hark ere ohartarazi du langileen erosteko ahalmenaren galeraz, lan itun askok ez dutelako aurretik hitzartutako soldata igoera inflazioaren arabera berrikusteko klausularik eta beste asko berritzeko negoziazioak ez aurrera eta ez atzera daudelako.
UGT-Euskadiren ustetan, berriz, agintariek betebeharra dute Europak garatutakora hobeto egokitzen den prezio politika bat egiteko eta oinarrizko produktuen garestitzea eragozteko neurriak hartzeko. Salneurrien garestitzeak lanbide arteko gutxieneko errenta jasotzen duten langileen egoera are gehiago okertzen duela gaineratu du.
Krisiak ez du prezioen igoera gelditu, eta urtebetean %2,4 garestitu da bizimodua
Hego Euskal Herriko inflazioa eurogunekoa baino txikiagoa izateak euskal enpresak lehiakorrago egiten ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu