Aberastasunaren banaketa egokiagoa krisi ekonomikoari aurre egiteko bidea dela eskatuko du ELAk bihar Gasteizen, 18:30etik aurrera. Manifestazioa uda arte krisiaren inguruan egingo duen kanpainaren lehen ekimena da, herrialdean enpleguaren egoera «larriena» delako.
Asko hitz egin eta idatzi da gainbehera ekonomikoari buruz, baina, ELAren irudiko, benetako arrazoiak, erantzuleak eta ondorioak gizarteari ezkutatzen zaizkio. Hori dela eta, «kontrainformazio lana» egiten saiatuko da sindikatua, Luis Fernandez Gasteizko eskualdeko arduradunaren hitzetan. 100.000 informazio buletin banatuko dituzte.
Fernandezen ustez, azken hamabost urteotan enpresaburuen irabaziak biderkatu egin dira, eta langileen soldatak, aldiz, ez dira igo, eta horrek aberastasunaren banaketa bidegabe bat ahalbideratu du. Hori dela eta, krisiaren atarira langileak «pobreturik» iritsi dira, eta Araban lanpostua dutenen erdiek lan prekarioa dutela ziurtatu zuen.
ELAren arabera, egungo krisi egoera langileen baldintzak are gehiago okertzeko baliatu nahi dute botere ekonomikoek, gobernuen laguntzarekin. «Irabaziei eutsi nahi diete, eta horregatik daude kaleratzeak eta erregulazio dosierrak», salatu zuen Fernandezek.
Herrialdeko ehun bat industria dagoeneko erregulazio eskaerak egin dira, ELAk dituen datuen arabera, baina arazoaren benetako neurria zein den ez dakitela ziurtatu zuen Fernandezek, Jaurlaritzak ez dizkielako datu zehatzak ematen. Horrez gain, sindikatuen eta enpresen arteko akordiorik ez duten erregulazioen artetik zenbat onartu dituen esateko jendaurrera ateratzea eskatu zion Joseba Azkarraga Lan sailburuari.
Kaleratuak, babesik gabe
Azken hilabeteotan 5.000 arabar baino gehiago langabeziaren zerrendetan sartu dira. Batez ere, azpikontratetatik atera dira, eta aldi baterako lanpostuetatik. Eta ez direla azkenak izango ohartarazi du ELAk. «Horien kasuan ez dago negoziazio kolektiborik, inposizioa baizik», Fernandezen hitzetan.
Lan Sailak erregulazioan daudenentzat agindu dituen laguntzek langabe horientzat ez dutela balio salatu zuten, halaber. Neurriak «gutxiegi» direla argudiatu zuen, eta ez dutela eraginkortasunik izango uste du.
Cegasak arreta guztia bereganatu duen bitartean, beste enpresa batzuetan arazoak pilatzen ari dira. Hala, Recticel, Filofil edo Aernnovako ordezkariek pankarta propioa eramango dute.
Krisiaren kontra aberastasuna banatzea eskatuko du ELAk
Erregulazioan dauden enpresekin batera manifestazioa egingo du sindikatuak bihar Gasteizko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu