Goizean goizetik sumatzen da Grezian sindikatu nagusiek egindako greba deialdiaren eragina: aireportuak, administrazioaren bulegoak, osasun zentroak, ikastetxeak, bankuak, dendak... itxita daude, eta, horrenbestez,etenda dago eguneroko bizimoduko martxa. Esate baterako, 400 hegaldi bertan behera geratu dira; baita uharteetara edo Italiara joateko itsasontzi zerbitzu gehienak ere, eta gauza bera gertatzen da tren, metro eta tranbidekin.
GSEE Greziako Langileen Federazioak, ADEDY Funtzionario Zibilen Elkarteak eta PAME sindikatu komunistak egin dute grebarako deialdia, krisiari aurre egiteko Greziako Gobernuak iragarri dituen neurrien kontra. Izan ere, elkarte horiek -eta Greziako herritar askok- krisiaz egiten duten irakurketa da "aberatsek" eragindako egoera dela, eta, aldiz, herritar xumeenei murrizketak eginez konpondu nahi dutela.
Defizit publiko handia du Greziak, EB Europako Batasunaren arabera, estatua bera porrot egiteko zorian jartzerainokoa, eta, ondorioz, krisiaren kontrako neurriak hartzera bultzatu du. Funtsean, soldatetan eta erretiro pentsioetan murrizketak egitea eta zergak doitzea dira neurri horiek, eta, esan bezala, sindikatuen eta herritar askoren iduriko neurri horien bidez herritar xumeei ordainaraziko zaie krisia.
Lanuzteaz gain, mobilizazioak ere antolatu dituzte. Besteak beste, Atenas hiriburuan bi elkarretaratze antolatu dituzte gaur eguerdirako, eta Parlamenturainoi iristea da helburua. Bart goizaldetik Poliziak debekatu egiten du Atenas erdialdera ibilgailuetan sartzea.
Ekonomia
Krisiaren kontrako neurrien aurka Grezia geldirik
Sindikatu nagusiek lanuzterako deialdia egin dute, eta erantzuna handia izatea espero da. Besteak beste, 400 hegaldi bertan behera geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu